Sasoi betean daudela erakutsi zuten atzo Zumaian Pello Osoro eibartarrak eta Usoa Ostolaza zarauztarrak. Biak ala biak denboraldi bikaina ari dira osatzen eta boladari eutsi zioten Zumaiako Triatloian. Emakumeen proba nagusitasun handiz irabazi zuen Usoa Ostolazak, bizikletako proban zuloa egin eta korrikako saioan ere maila goreneko triatleta dela erakutsiz. Edonork ez du lortzen brontzezko domina Munduko Txapelketan. Maddi Marquetek eta Mireia Arrillagak osatu zuten podiuma. Munduko Txapelketan egindako ahaleginaz garaiz osatuko ote zen kezka zuen Ostolazak helmugan aitortu zuenez, baina ondo ikusi zuen bere burua: "Aste honetan nekea igarri dut, normala denez, baina gaur indartsu ikusi dut nire burua eta oso pozik nago Zumaian lortutako garaipenarekin".
Pello Osorok, berriz, azken uneraino estutu behar izan zituen hortzak, iazko irabazle Ioanes Goitisolok ez baizuen amaitu arte amore eman. Bizikletako saioan saiatu zen lehenbizikoz Osoro hanka egiten, baina hamar bat txirrindularik osatutako taldeak ez zion aukerarik eman. Taldetxoa iritsi zen lasterketa buruan korrikako probara eta orduan erabaki zuen eibartarrak berriro kolpea jotzea. Tartea ireki zuen, baina handik helmugara ez zuen pausoa lasaitzeko betarik izan. Goitisolo izan zen bigarren eta Iñaki Loinaz hirugarren. Osoro ere oso pozik azaldu zen lortutako garaipenarekin: "Zumaiako Triatloia ez da niretzat egokiena eta horregatik oso pozik nago irabaztea lortu dudalako".
Bestalde, Zumaiako Triatloi Taldeko lehendakari Joseba Amilibia gustura agertu zen aurtengo triatloiak eman duenarekin. "Askoz gehiago ezin dugu eskatu. Jarrai dezala lan talde honek gogo honekin lanean hurrengo urteotan ere. Eskerrak eman nahi dizkiet triatloia antolatzen lagundu duten guztiei".
SAILKAPENA: Triatloi herrikoia 2019
SAILKAPENA: Zumaiako Esprint Triatloia 2019
Argazkiak: Arnaitz Rubio Aprea