Merezitako aitortza Beobideri

Juan Luis Romatet 2019ko irailaren 12a

Julio Beobide artista zumaiarra zendu zela 50 urte bete ziren atzo. Urteurren honen harira erakusketa antolatu dute Alondegiko Oxford aretoan. Beobidek Zumaiako parolbidean zuen Kresala lantoki-etxearen ateak ere ireki zituzten asteburuan.

Beobide 1891-1969 erakusketa zabaldu zuten pasa den ostiralean Alondegiko Oxford aretoan. Hilaren 22ra arte bisitatu ahal izango den erakusketa honetan hainbat iturritatik bildutako lanak jarri dira erakusgai: eskulturak, bustoak eta ikatz-ziriarekin egindako erretratuak. Iñaki Ostolaza alkateak irekiera ekitaldian azaldu zuen bezala, Zumaiak eman duen artista garrantzitsuenetakoa da Julio Beobide, eta erakusketa honek bere figura hobeto ezagutzeko aukera eskaintzen du. Gaur bertan bisita gidatua zuzenduko du Ismael Manterolak erakusketan zehar. Beobideren lan gehiago ere ikus daitezke San Pedro parrokian.

Elizaren alboan bizi izan zen Beobide bere bizitza osoan, San Pedro kalean, hain zuzen ere. Parrokiara eramaten duten eskaileretan zorrozten zituen artistak bere erremintak. Ostiralean artistaren bilobak adierazi zuen bezala, "herriko semea" zen Julio Beobide.

Bere izena daraman ibilbidearen amaieran aurkitzen da Kresala etxea, Julio Beobideren lantokia izandakoa. Urte askotan itxita egon den eraikineko ateak zabaldu zituzten asteburuan. Familiak bertan gorde ditu urte hauetan guztietan artistaren erremintak eta hainbat artelan. Horien artean dago amaitu gabe utzi zuen kristoren irudia. Ehunka lagun inguratu zen tailerra eta bertako lanak ikustera. Heriotzaren 50 urteurrenean aitortza jasotzen hasi da Julio Beobide.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide