Kontxako 12. Banderaren lehian, lehen txandan jokatzea egokitu zaio Orioko emakumezkoen traineruari. Estropadaren hasieratik atera die aldea beren txandan aritu diren gainontzeko traineruei, eta bigarren txandan oriotarren nagusitasuna berretsi da.
Helmugara 10:43.34 denboran iritsi dira, bigarren egin duen Arraun Lagunaki sei segundoko aldea aterata. Hirugarren sailkatu da Hibaika, hamar segundora. Lehen jardunaldia jokatuta, erabakita geratu dira Ohorezko txandan arituko diren lau traineruak: Orio, Arraun Lagunak, Hibaika eta San Juan. Ziaboaga eman eta itzultzea zailagoa izango zela ohartu dela dio Itxaso Azkonobieta arraunlariak: "Hala ere, itzuleran hortzak estutu eta aurrea hartzea lortu dugu". "Gustura" daude oriotarrak emaitzarekin, eta gogoz daude datorren astean jokatuko duten Ohorezko txandarako.
Zumaiako emakumezkoen traineruak ezin izan du bere onena eman Kontxako 12. Banderako lehian. Hain zuzen ere, zortzigarren postuan amaitu du lehen igandeko estropadan. Hasieran Riveirarekin lehia estua izan duen arren, galiziarrek aurrea hartu die zumaiarrei ziaboga eman ondoren. Helmugara 11:09.26ko denboran iritsi dira, Donostiarraren atzetik. Beraz, kontsolazio txandan arituko dira zumaiarrak datorren igandean, Hondarribia, Riveira eta Donostiarrarekin batera.
Irteeran "lo hartu dutela" dio Aintzane Urbietak. Gero "gustura" egin dute estropada, baina ez dute sentsazio onarekin amaitu. Jule Egiguren arraunlaria ere bat dator Urbietarekin: "Indar falta somatu dut. Badirudi bi estropada jarraian ditugunean bigarrena ez zaigula ondo ateratzen". Datorren igandean postu hobeago bat lortzera joango dira zumaiarrak. Hala eta guztiz ere, zaleen babesa jaso dute arraunlariek Donostiako arranplan.
Emaitzak:
1. Orio: 10:43.34
2. Arraun Lagunak: 10:49.76
3. Hibaika: 10:54.04
4. San Juan: 10:56.60
5. Hondarribia: 11:01.40
6. Riveira: 11:04.84
7. Donostiarra: 11:05.92
8. Zumaia: 11:09.26