Oriokoek ez dute hutsik egin eta Zumaiako neskek txukun bete dute lana

Amaia Urbieta Arruti 2019ko abuztuaren 29a

Eskualdeko sei trainerutik hiru sailkatu dira Kontxarako. Zarautzek, Getariak eta Zumaiak ez dute lortu sailkatzea.

Erabakita geratu dira datozen bi igandeetan Kontxako Banderarako lehian ariko diren traineruak. Eskualdeko sei ontzik hartu zuten parte atzo arratsaldeko sailkatze proban, eta ez zen aparteko ezustekorik izan emaitzetan. Emakumezkoen kasuan, Orioko traineruak egin zituen lanak azkarren, bere mailarik onena erakutsiz. Zumaiako emakumeek ere ez zuten proba makala egin, Oriok baino 25 segundo gehiagorekin, laugarren postuan sailkatu baitziren Kontxarako. Zumaiako entrenatzailea den Kike Manterola gustura dago izandako emaitzarekin: «Lana ondo eginez gero bagenekien sailkatuko ginela. Lehen luzea oso ondo egin dugu, eta itzuleran, zerbait hobetu genezakeen arren, ondo joan da estropada orokorrean». Datorren igandera begira, «disfrutatzera» aterako direla azaldu du Manterolak.

Gizonezkoetan, Orio izan da Donostiako Banderarako sailkatutako eskualdeko traineru bakarra. Bigarren denborarik onena egin zuten Mirotzek; ezusteko galanta eman zuen Ondarroaren atzetik. Iñaki Arostegi Orio Arraun Elkarteko delegatuaren hitzetan, "ilusio handiz" egingo diete aurre Orioko bi traineruek datozen bi igandeetako erronkari. Emakumezkoek estropada "kontrolpean" eraman dutela azaldu zuen, eta gizonezkoetan lehia "estuagoa" izan bazen ere, "lasai" egin zutela arraunean. "Ligan ondo aritzen diren taldeek galtzeko asko eta irabazteko gutxi izaten dute sailkapen estropada honetan, baina zorionez, ondo atera da dena". Delegatuak azpimarratu zuen "denboraldi historikoa" dela Orio egiten ari dena, baina "estropadaz estropada" egin behar dela aurrera, eta orain iganderako atseden hartzea tokatzen dela azaldu du.

Gizonezkoen sailkatze estropadan parte hartu zuten gainontzeko eskualdeko taldeek ez zuten egunik onena izan atzo: Zarautzek hamabosgarren egin zuen, Getariak hamazazpigarren eta Zumaiak hemeretzigarren.

43 ontzik hartu zuten parte atzo Kontxako Banderarako sailkatze estropadan; hogeik emakumezkoetan eta 23k gizonezkoetan. Erlojuaren aurkako proba izan zen, eta, minutu bateko tartearekin atera ziren ontziak txandaka. Emakumeetan bigarren ateratzea egokitu zitzaion Oriori eta zortzigarren Zumaiari. Gizonezkoetan, bosgarren eta hamabigarren atera ziren Orio eta Zarautz lehen taldean, hurrenez hurren, eta bigarren txandan bigarren atera zen Getaria, eta azkena Zumaia. Aurreikuspenak betez, itsaso narratsarekin eta ipar-ekialdeko haizearekin jokatu zituzten estropadak.


Iganderako txandak


Sailkapen proba bukatu ondoren, igandean jokatuko den Kontxako estropada jardunaldirako txandak osatzeko zozketa egin zuten Donostiako udaletxean. Emakumezkoetan, Hondarribia, Donostiarra, Orio eta Hibaika ariko dira lehen txandan arraunean, eta bigarren txandan Nautico de Riveira, Arraun Lagunak, San Juan eta Zumaia. Gizonezkoetan, berriz, lehen txandan ariko dira Kaiku, Urdaibai, Orio eta Santurtzi, eta bigarren txandan, berriz, Ondarroa, Donostiarra, Zierbena eta Honda

Sailkapena


Emakumezkoak
1. Orio, 11:12,99
2. Arraun Lagunak, 11:31,06
3. Hibaika, 11:35,02
4. Zumaia, 11:38,64
5. Hondarribia, 11:42,72
6. San Juan, 11:42,88
7. Nautico de Riveira, 11:45,1
8. Donostiarra (zuzenean)


Gizonezkoak

1. Ondarroa, 20:15,58
2. Orio, 20:22,6
3. Santurtzi, 20:22,9
4. Hondarribia, 20:24,9
5. Kaiku, 20:26,8
6. Urdaibai, 20:26,86
7. Zierbena, 20:32,16
8. Donostiarra (zuzenean)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide