Eskua makinatik ateratzeko suhiltzaileen laguntza behar izan du langile batek Zumaian

Urola Kostako Hitza 2019ko abuztuaren 28a

Suhiltzaileek HITZAri azaldu diotenez, "zauri garrantzitsuak" eragin dizkio lan istripuak, eta anbulantzian eraman dute langilea. "Hasieran istripu larria zela pentsatu arren", azkenean "eskua osorik" atera ahal izan diote.

Suhiltzaileek Twitterren jarri duten argazkia (@BomberosEuskadi)

Urola Kostako suhiltzaileek dei bat jaso dute gaur, asteazkena, 13:45ean. Langile bat eskua makina barrutik ezin aterata gelditu da Zumaiako enpresa batean, eta languntza eskatu diete.

Suhiltzaileek HITZAri azaldu diotenez, mutil gazte bat zegoen eskua makina barruan kateatuta zuela, eta "hasieran istripu larria zela pentsatu arren", azkenean "ebaki handi batzuk" izan dira. "Zauri garrantzitsuak zituen eta anbulantzian eraman dute, baina eskua osorik atera dugu behintzat".

Uztailean lan istripu larria

Gaurko lan istripuaz gain, egon da lan istripu larririk Zumaian azken boladan. Uztail erdialdean, esaterako, Ortiz enpresako langile batek almazenean lan istripu larria eduki, eta ospitalean hanka bat moztu behar izan zioten.

Beste hanka ere txikituta gelditu zaiola adierazi zioten emakumearen senitartekoek egunkari honi.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide