Esku pilota partiden faltarik ez da izan abuztu honetan Zumaian. Larretxoko frontoi txikian zein Aitzuri frontoi luzean izan da pilota jokoa; herri mailako pilotariak batean, Euskal Herriko edota Errioxako txokoetatik etorritakoak bestean. Edozein pilotazaleren gosea asetzeko makina bat aukera izan da abuztuan zehar herrian.
Gaur arratsaldean, 18:30etik aurrera, Itzurungo esku pilota txapelketako azken partidak jokatuko dituzte Larretxon, Itzurun hondartzarako bidean dagoen pilotaleku txikian. Sei bikotek hartu dute parte aurtengo txapelketan. Ligaxka eran jokatutako lehen fasearen ondoren, herenegun jokatu zituzten finalaurrekoak, eta han erabaki ziren finalistak. Hasteko, 3. eta 4. postuak erabakitzeko partida jokatuko dute Olidenek eta Antiak, Sasiainen eta Joakin Gorostolaren aurka. Segidan finala jokatuko dute Salegi-Aizpurua eta Jokin Gorostola-Mendizabalek.
Bihar, berriz, 48. Dinastia Etxabe esku pilota txapelketako finalak jokatuko dituzte Aitzuri frontoian. Azken urteotan bezala, gazteen eta 23 urtez azpikoen mailan jokatu da txapelketa hau, beti ere eskuz.
Finalean, gazteen mailan, Larrazabal eta Agirre Gutierrezen eta Morgaetxebarriaren aurka arituko dira; 23 urtez azpikoen mailan Canabal eta Albizu Salaberriaren eta Altuzarraren aurka. Sarrerak Aitzuri frontoiko leihatilan erosi ahal izango dira.