KAE 1 liga irabazi du Enbatak. Denboraldia borobil joan zaie Zarauzko arraunlariei, eta atzo Pedreñan hirugarren postua eskuratuta, matematikoki KAE 1 ligako txapeldun dira, oraindik amaitzeko estropada bat falta bada ere.
Donostiarra traineruak irabazi zuen Pedreñako Gran Premio Dynasol bandera, 20:20,74ko denborarekin. Getariarrak Enbataren aurretik iritsi ziren (20:25,33) eta zarauztarrak 20:30,22ko denborarekin sartu ziren atzoko podiumean. Zumaiarrak, berriz, bederatzigarren izan ziren 21:07,48ko denborarekin.
Atzo eskuratutako 10 puntuekin, guztira, 177 puntu bildu dituzte orain arte eta, hala, estropada baten faltan, ziurtaturik dute lidertza. Bigarren postuan da oraingoz Deusto 162 punturekin; bi taldeen arteko aldea 15 puntukoa izanik, ezinezkoa izango da deustuarrentzat datorren asteko estropadan Zarautzen puntuazioa hobetzea.
Begirada play off-ean
Bilbon jokatuko dute KAE 1 ligako azken estropada datorren asteburuan. Ondoren, Kontxan izango dute hurrengo hitzordua Enbatako mutilek, eta haren ostean, Bermeon eta Portugaleten jokatuko dituzte play off-ak, irailaren 14an eta 15ean. Asteburu horretan, datorren denboraldian TKE ligan jokatzeko txartela izango da jokoan. Aurtengo TKE ligako azkenaurreko taldea, Galiziako ligako lehen bi taldeak eta KAE 1 ligako lehen bi taldeak ariko dira lehian.