Gaur eguerdian ezohiko arraun jardunaldia jokatu da Castron, ETE, KAE 2 eta KAE 1 ligetako estropadak izan baitira, bata bestearen atzetik, eta bestetan ez bezala, bi luzeko estropada jokatu baitute gizonezkoen ontziek.
ETE ligan Hibaikak irabazi du bandera, 11:06,90 denbora eginda. Bigarren izan da San Juan (11:17,20) eta hirugarren Zumaia (11:30,90). Gaurko garaipenarekin, Hibaikak aurre hartu dio Zumaiari sailkapen nagusian, eta lidertza galdu du eskualdeko taldeak.
KAE 2 ligako estropadan, Orio B (10:18,24) ontzia laugarren postuan sailkatu da. Castrok (10:07,38) irabazi du etxeko bandera maila horretan, eta bigarren sailkatu da Getxo (10:15,26), hirugarren izan da Hondarribia (10:16,74) eta laugarren Busturialdea (10:17,34).
KAE 1 ligan, lehia estua izan da hasieratik ohorezko txandan parte hartu duten sei traineruen artean, denak bost segundutan iritsi baitira lehen balizara. Bigarren luzean, azken unera arte bandera lortzeko lehian aritu dira, San Juan, Getariako Esperantza, Zarauzko Enbata eta Deustu. Dena dela, azkenean, Getariak (09:59,14) lortu du Castroko bandera irabaztea. Bigarren sailkatu da San Juan (10:00,62), hirugarren Deustu (10:01,22) eta laugarrena izan da Zarautz (10:02,90). Bestalde, Zumaiako Telmo Deun hamargarren sailkatu da (10:12,92).