Donostiarra B taldeak irabazi du Getariako Ikurrina

Urola Kostako Hitza 2019ko abuztuaren 4a

Getariako Ikurrina jokatu dute gaur goizean KAE 1 ligako arraunlariek. Asteburu gogorra izan dute mutilek, atzo arratsaldean Camargon izan baitzuten estropada. Donostiarra B taldea izan da nagusi gaurkoan (20:21,11), eta haren atzetik helmugaratu da Zarauzko txalupa, 20:23,86ko denborarekin. Segundo bat baino gutxiagoko aldea aterata, Getariako trainerua iritsi da Enbataren atzetik helmugara (20:24,63). Zumaiako Telmo Deun zazpigarren izan da, 20:53,98ko denbora eginda. 

Asteburuaren ondoren, gutxi aldatu dira postuak sailkapen orokorrean. Zarautzek sendo eusten dio lidertzari 134 punturekin, baina atzetik gertu jarraika ditu Deusto (125 puntu), Donostiarra B (110 puntu) eta Getaria (109 puntu). Zumaiako taldeak, berriz, bederatzigarren postuan jarraitzen du gaur sei puntu eskuratuta, guztira, 55 punturekin. 

Eskualdean bertan jokatu dute gaurko estropada KAE 1eko arraunlariek, eta eskualdeko taldeek ez dute asko urrundu beharrik izango datozen asteetan ere. Izan ere, abuztuaren 11n Zumaian izango dute estropada, eta hurrengo asteburuan Zarauzko Ikurrina izango da jokoan.

Argazkiak: Juan Luis Romatet

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide