Jai giroan eta poztasuna adierazteko erabiltzen den oihua da irrintzia. Baina bota daiteke beste egoera batzuetan ere, eta balio dezake beste sentimendu batzuk adierazteko ere. Komunikatzeko modu bat zen artzainentzat; Orreagako guduan, arerioak izutzeko erabili bide zuten; erabili izan da garaipenak ospatzeko, hildakoei agur esateko eta askatasuna aldarrikatzeko ere. Irrintzia kulturaren parte dela eta herritarrek transmisioa ziurtatzeko ardura dutela uste du Amaia Garciak. Herriz herri irrintzi ikastaroak ematen ditu, eta Zumaian izango da abuztuaren 7an.
Garciak etxetik jaso du irrintziarekiko zaletasuna. “Nire aita zen benetako zantzolaria”, dio. Irrintziari zantzo esaten diote Bizkaiko zenbait lekutan. Duela hamabi urte, irrintzi ikastaroak antolatzen hasi ziren Gernikako Berbalagun egitasmoko kideak. Irrintzia nola hobe zezakeen jakin-mina sortu zitzaion Garciari, eta izena eman zuen. Lehenengo bi urteetan, Nati Ibarra izan zen irakaslea, baina hura hil egin zen, eta, harrezkero, berak ematen ditu ikastaroak. “Lotsa gutxi neukala esan zidaten, eta ez nintzela zantzolari txarra. Horrela animatu ninduten hastera”.
Besteei irakasten hasterako berak zerbait gehiago jakin beharra zeukala iritzita, ikertzen hasi zen. “Ana Martinez de Arellano Iruñeko foniatrarekin harremanetan jarri nintzen teknikari buruz galdetzeko, fisioterapeuta batekin ere egon nintzen, entziklopedietan informazioa bilatu nuen… Egia esan, informazio gutxi topatu nuen”. Baina Ekain Martinez Lizarduikoaren Erraiak dokumentalak hutsune hori bete duela uste du; iaz estreinatu zuten.
Hori bai, azalpenak ere nahi zituen Garciak. “Irrintziari azalpen kulturala topatu nahi nion, eta, horrez gain, jakin nahi nuen gure gorputzean zer gertatzen den irrintzi bat botatzen dugunean: arnasketa teknikarik egokiena zein den, gorputzaren jarrerak zer garrantzi duen, diafragmak eta perineoak zer mugimendu egiten duten…”. Arnasketaren garrantzia azpimarratu du Garciak. “Normalean, bi segundotik behin hartzen dugu arnasa; baina arnasaldi bakarrean botatzen da irrintzia, eta hogei segundo egon gaitezke arnasarik hartu gabe”. Txapelketetan, puntuagarria izateko, irrintziak hogei segundo iraun behar du gutxienez.
Jarraitu erreportajea irakurtzean Gipuzkoako Hitzaren webgunean.