Abuztuko asteburuetan jai giroa nagusituko da Zumaiako kaleetan

Baleike 2019ko abuztuaren 2a

Gala gaua, Euskal Jai eguna eta Kuadrilla eguna egingo dira abuztuko lehen hiru asteburuetan. Dardarafest rock jaialdia ere antolatu dute abuztuaren 17rako, Amaiako plazan.

Festa giroaz eta ekitaldiz beteta datoz abuztuko lehen asteburuak Zumaiara. Gala gaua, Euskal Jai eguna eta Kuadrillen eguna izango dira hilabete honetako lehen hiru asteburuetan. Horrez gain, Dardara musika kolektiboak Dardarafest jaialdiaren beste edizio bat antolatu du. Bihar

Gala gaua ospatuko da herrian. Ohiturak asko aldatu dira, eta zer ikusi gutxi du gaur egungo gauak orain hiruzpalau hamarkadetakoekin alderatuta. Hala ere, gazte zein heldu elegante janzten dira arratsaldegauera begira. Azken urteotan bezala, argazki txokoa egingo da; eguraldi ona bada, Saregile plazan. 19:30etik aurrera argazkiak aterako zaizkie oholtza txikira igotzen diren guztiei. Argazki horiek hurrengo eguneanbaleike.eus webgunean jarriko dituzte ikusgai. Argazki txokoa Permaulk DJak girotuko du.

Ez da eguneko ekitaldi bakarra izango. 19:30ean, Erribera kalean, Twin Room swing saioa izango da, 23:00etan boleroen emanaldia Eusebio Gurrutxaga plazan Romance latino taldearekin, eta gauerdian galako diskoteka Kofradian.

Abuztuaren 9an, ostirala, Euskal Jai eguna egingo da. Goizeko lehen orduetatik hurrengo eguneko ordu txikietara arte iraungo du festa giroak. 10:00etan zabalduko dute baserriko gaien azoka Alde Zaharrean. Goizean zehar musika saioak izango dira dultzaineroekin, albokariekin eta trikitilariekin. Eguerdian, berriz, Maddalen Arzallus eta Beñat Gaztelumendi arituko dira bertsotan balkoitik balkoira, eta 14:30ean herri bazkaria egingo da Eusebio Gurrutxaga plazan. 19:00etatik aurrera, sagardo dastaketa egingo da plazan, eta erromeria izango da gauean.

Festa, kirola eta rocka

Abuztuko hirugarren astebururako, berriz, Kuadrilla eguna antolatu dute Zumaian. 14:30ean, Torreberrin, gaztetxoen bazkaria egingo da; norberak eraman beharko du bere bazkaria, eta postrea udalak jarriko du. Arratsaldean, plazan, kuadrillen arteko jolasak egingo dira, eta elektrotxaranga saioa eta haur berbena ere izango dira. Gauean, Kofradian, Arima Eroa diskofesta egingo da.

Kirolak ere bere tartea izango du egunean zehar: goizean emakumeen arteko binakako pala txapelketako finalak jokatuko dira, eta arratsaldean, 19:00etan, eskubaloi partida jokatuko dute Bidasoa Irunek eta Santanderko Balonmano Sinfinek. Kauldi Odriozola eta Ander Torriko jokalari zumaiarrak neurtuko dira.

Arratsalde horretan bertan, 18:30ean hasita, Dardara musika kolektiboak antolatzen duen Dardarafest rock jaialdia egingo da Amaiako plazan. Willis Drummond, Leinad, Serrulla, Silicies Grizzlies, The Grace of Dionysus eta Moonshakers taldeak igoko dira agertokira.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide