Zuri-beltzezko argazkiei zuzendutako argazki lehiaketaren 31. edizioa egin da aurten, eta gaia Lanbideak eta ogibideak izan da. Aurtengoan 247 lan aurkeztu dituzte lehiaketara. Euskal Herriko, Espainiako edota Argentinako argazkilariek hartu dute parte. Distira elkarteko antolatzaileak pozik azaldu dira parte hartzearekin, eta, are gehiago, argazkien mailarekin.
Epaimahaia Ainara Garciak, Mari Jose Cuellik eta Jose Luis Irigoyenek osatu dute, eta lehen saria Francisco Javier Dominguez Garcia argazkilari andaluziarrari eman diote Pastoreo en la planicie dron batekin ateratako lanagatik. Bigarren saria Oscar Manso Navas gasteiztarrak irabazi du The writer argazkiagatik; hirugarrena Santi Viladric Pujol kataluniarrak S/T-1 argazkiagatik; eta zumaiar onenarena Peio Romatet Esteibarrek Saretartean lanagatik.
Irabazleak eta hirugarren saridunak ezin izan zuten ostiralean Alondegiko aretoan egindako sari banaketa ekitaldian parte hartu; bai, ordea, Mansok eta Romatetek. Manso Navasek iaz lehen saria irabazi zuen eta aurten hirugarrena irabaztearekin pozik agertu da. Zumaian beti ondo tratatu izan dutela azpimarratu du. Saritua izan den lana autoerretratu bat dela azaldu du. Bere beste lan bat ere ikus daiteke erakusketan. Romatetek, berriz, orain urte batzuk Getariako portuan ateratako argazki batekin hartu du parte. Saregileak lanean ikusten dira zumaiar onenaren saria merezi izan duen irudian.
Bestalde, Argizaiola lehiaketako finalerako sailkatu diren Euskal Herritik aurkeztutako hiru argazki onenak ere aukeratu dituzte epaimahaikideek. Oscar Manso Navasen The writer, Jose Agustin Gurrutxaga Garagarzaren Comienza un nuevo dia, eta Oscar Gaskon Marañonen Arreglando la calle dira hiru lan horiek.
Lehiaketara aurkeztutako 35 lan onenekin erakusketa jarri dute. Erakusketa hori abuztuaren 12ra arte izango da zabalik Alondegiko Oxford aretoan., egunero, 18:30etik 20:30era bitartean.