Gaur zabalduko dute irailaren 28an jokatuko den III. Euskal Kosta Kroserako izen-ematea. Aurten Getarian izango du hasiera eta amaiera lasterketak, eta, korrika saioaz gain, patinatzaileen proba ere izango da. Bietarako izen-ematea zabalik dago www.kronoak.euswebgunean.
Hirugarren urtez antolatuko dute N-634 errepidean zehar egiten den lasterketa. Lehen urtean Zumaian izan zuen hasiera eta helmuga, iaz Zarautzen, eta aurten Getarian antolatuko dute. Getariako Udalak antolatuko du lasterketa, GetaiTri triatloi taldearekin elkarlanean.
Atzoko aurkezpen ekitaldian azaldu zutenez, lasterketa Getariako frontoitik abiatuko da 17:00etan, eta Zumaiarako bidea hartuko du. Zumaian, Gernika parketik barrena Amaiako plazara helduko da, eta Erribera kalea zeharkatu ondoren, Patxita Etxezarreta kaletik Getariarantz joango dira korrikalariak. Gero, kostako errepidea jarraituta Zarautzera helduko dira. Kale Nagusian sartu eta San Frantzisko kaletik, Nafarroa kalera helduko dira, berriro ere Getariara itzultzeko. Lasterketaren amaieran partaideak Malkorbe hondartzarako bidegurutzea igaroko dute, portura jaitsi, Artzape hartu eta Kale Nagusian gora eginda udaletxe ondoan amaitzeko.
Korrika saioarekin batera, iaz egin bezala, patinatzaileen proba ere jokatuko da. 16:30ean irtengo da Zarauztik. Getariatik igarota, Zumaiako herri sarrerako biribilguneari buelta emango diote eta Zarautzera itzuliko dira.
Izen-ematea
Bi probetarako izen-ematea zabalik dago jada. Lasterketaren kasuan, inskripzioagatik 20 euro ordaindu beharko da gaurtik abuztuaren 31ra bitartean; irailaren 1etik 24ra bitartean, berriz, 25 euro. Patinatzaileei dagokionez, inskripzioa 20 euro izango da. Kirol proba hauen informazioa (araudia, izen-emateari buruzko argibideak nahiz ibilbideak) eskuragarri izango dira euskalkostakrosa.eus webgunean abuztuaren hasieratik aurrera.