Bezperan Sestaon jokatutako estropadan hirugarren izan ziren Kike Manterolak gidatutako neskak. Egun bat geroago, igandean, Orion jokatutako estropadan lehenak izan dira gorriak. 48 ehuneko besterik ez dira egon Zumaia eta bigarren egin duen Hibaikaren artean, baina nahikoa bandera Zumaiara ekartzeko. Zumaiak 11:31,90 denbora egin du, Hibaikak 11:32,38, hirugarren izan den San Juanek 11:40,24 eta laugarren egin duen Deustok 11:44,98.
Jardunaldi honen ondoren, Zumaia ETE ligako lidergora itzuli da. 70 puntu ditu, eta Hibaikak 69. Deusto da hirugarren 56 punturekin, eta Tolosaldea laugarren 55ekin.
Ostegunean izango dute hurrengo estropada, Lekeition. Larunbatean, berriz, Colindresen dute hitzordua.