Atzo abiatu zen Luhusotik Orain Presoak Tour, hau da, euskal presoen eskubideen alde Sarek antolatutako bizikleta martxa. Orion hitzordua 17:45ean zuten jarrita, eta oso puntual iritsi ziren txirrindulariak, peto horiak soinean. Herriko zubian zain zituzten hainbat herritar euskal presoen aldeko ikurrekin, eta txaloz eta animoak emanez agurtu zituzten.
Luhusotik zetozten parte hartzaileetako asko, tartean Haritz Alberdi Getariako alkatea.
Oriotik barrena iritsi zen Zarautzera, eta hainbat herritarrek egin zieten ongietorria parte hartzaileei gasolindegi handiaren inguruan.
Bizikleta gainean joan ziren denak erdigunera, eta bizikleta martxan parte hartzen ari direnek Arrano elkartean afaldu, eta herrian igaro dute gaua. Gaur goizean ekin diote berriro bideari, Getaria aldera. Handik Zumaiara jarraitu dute.
Bi herri horietan ere harrera egitekoak ziren bizikleta martxakoei. Dirudienez, ordea, Zumaiatik behintzat esandako ordua baino lehen igaro dira.
Ondoren, Urola Kosta atzean utzi, eta Elgoibarren bazkaldu dute. Bihar iritsiko dira Gernikara.