Orioko traineruek eta Zarauzko beteranoek irabazi dute Gipuzkoako Txapelketa

Karkara.eus 2019ko uztailaren 18a

Zarauzko 'Enbata' laugarren izan da sailkapen nagusian, eta uztailaren 31n Hondarribian Euskadiko Txapelketa jokatzeko txartela lortu du.

Gipuzkoako Txapelketa jokatu zuten atzo Donostian,eta Orio izan zen azkarrena emakumezkoen eta gizonezkoen kategorietan. Lehenengo aldiz irabazi dute txapelketa Orioko emakumezkoek eta hamabigarrenez gizonezkoek; hala, Orio Arraunketa Elkartea urte berean emakumezkoen eta gizonezkoen txapelketa irabazten duen lehen elkartea izan da. Beteranoen mailan bestalde, Zarauzko ontzia izan zen txapelduna.

Oriotarrak aurretik
Hasieratik, estropadaren buruan jarri ziren Orioko bi traineruak. Emakumezkoen lehian, lehen luzean atzean utzi zituen Oriok lehiakideak. Oriotarrek estropada amaitu eta 20 segundora iritsi zen Hondarribia, 42 segundura Arraun Lagunak eta 44ra Donostiarra.

Hala ere, bigarren txandan jokatu zuten Zumaiak eta Hibaikak Donostiako taldeen denborak hobetu egin zituzten, beraz, Euskadiko Txapelketan parte hartzeko txartela lortu dute Oriorekin eta Hondarribiarekin batera. Uztailaren 31n izango da Euskadiko txapelketa, Hondarribian.

Zarautz ere Euskadiko txapelketara
Gizonezkoen estropadan, ohorezko txandan parte hartu zuen Oriok, Hondarribia, Donostiarra eta San Pedrorekin batera, eta hasieratik pixkanaka lehiakideei aurrea hartzen eta errenta handitzen joan ziren oriotarrak. Azkenenean hamar segundoko aldea atera zion talde horiak Hondarribiari; hirugarren izan zen Donostiarra 28 segundora, eta laugarren postuan Zarauzko Enbata sailkatu zen. Zarauztarrek bigarren txandan parte hartu bazuen ere, 22:29,94 denbora markatuta, San Pedro baino azkarragoa izan zen; beraz, Euskadiko Txapelketa jokatuko dute zarauztarrek ere.

Sailkapen nagusian seigarrena izan zen Telmo Deun, 22:42:22 denbora markatuta, eta zortzigarren sailkatu zen Getaria, 23:10:06 denborarekin. 

Beteranoetan Zarautz txapelduna
Beteranoen mailan bestalde, Zarautzek lortu zuen garaipena, ibilbidea 11:97,32 denboran osatuta, eta bigarren izan zen Zumaia 37 segundora.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide