Uztailaren 31n hasiko da Zumaiako Musika Jaialdiko XXXV. edizioa. Jaialdiarekin batera hazten eta eraberritzen joan den San Pedro Abesbatzak kontzertua eskainiko du, urtero bezala, abuztuaren 1ean. Azken urteotatik jaialdiko orkestra egoiliarra bihurtu den Sapere Aude Sinfoniettaren emanaldia ere izango da, hiru egun geroago, abuztuaren 4an. Bi kontzertuak ordainpekoak izango dira, eta sarrerak Zumaiako Turismo Bulegoan daude salgai dagoeneko.
Urteekin berritzen joan da Zumaiako Musika Jaialdia, eta bide berriak ere hartu ditu. Horren adibide da lehen jaialdiko ezaugarrien artean zeuden ikastaroak ez direla orain ematen. Badaude, ordea, jaialdiaren erraietan txertatuta dauden ekitaldiak, eta horien artean dago San Pedro Abesbatzak urtero ematen duen kontzertua.
Koroaren erronka berriak
Erronka berriak aurkitu nahian, musika eta bertsolaritza uztartuko ditu Amaia Aldalurrek zuzentzen duen San Pedro Abesbatzak aurtengo emanaldian. Doinu zahar, kantu berri izenburua du emanaldiak. Ikuskizunak bertsoen eta abestien arteko bidaia proposatzen du, eta, modu ezberdinetako jantzi musikalekin, bertsolaritzan erabili diren hainbat doinuren errepasoa egingo dute. "Abesbatzara moldatutako bertsoak abestuko ditugu. Abesti ezagunak dira; askok ez dute pentsatuko horien atzean bertsoak daudela, baina hala da", adierazi du abesbatzako kide Iker Gonzalez Cobeagak.
Abuztuaren 1ean izango da kontzertua, 22:00etatik aurrera, Aitzuri frontoian, eta gonbidatuak ere izango dituzte. Batetik, Maria Zubimendi zumaiarra kide duen Zukan Trio hirukotea, eta, bestetik, Amets Arzallus bertsolaria. Honek aurkezle lanak egingo ditu, testuinguru batean kokatuko ditu abestiak, eta abesbatzarekin ere kantatuko du obra batzuetan. Eta, nola ez, bertso batzuk ere kantatuko ditu.
Orkestra, Zumaienan
Jaialdiko orkestra egoiliarrak, Sapere Aude Sinfoniettak, berriz, abuztuaren 4an joko du, Zumaiena ikastetxeko aretoan. Mozarten Haffner 35. Sinfonia eta Mendelssohnen Bibolin Kontzertua izango dira entzungai, Georgy Vasilenko izango da bakarlaria Fernando Velazquezen zuzendaritzapean. J.A. Bayonaren El orfanato, Lo imposible edo Un monstruo viene a verme pelikuletako musikaren konposatzailea da Velazquez, hurrenez hurren.
Bi kontzertu hauetarako sarrerak dagoeneko salgai daude Zumaiako Turismo Bulegoan. Bien kasuan 10 euroan egongo dira salgai aldez aurretik; azken egunera arte zain egonda, 12 euro ordaindu beharko dute.