Euskal Herriko denboraldia hasiko dute Zumaiako puntistek

Juan Luis Romatet 2019ko uztailaren 10a

Mexiko Hiriko zesta punta denboraldia garaipenarekin amaitu ondoren, Iñaki Osa Goikoetxea eta Imanol Lopez puntista zumaiarrek Euskal Herriko xistera denboraldiari ekingo diote orain. Hasteko, Gernika Grand Slam txapelketan arituko dira bi pilotariak.

Txapelketa honek indar handia hartu du azken urteotan, ikusle kopuru polita erakartzen du, eta bertan pilota modalitate honetako kirolari onentsuenek hartzen dute parte.

Imanol Lopezek Beaskoetxea izango du aurreko koadroetan, eta Goikoetxeak Lekerika atzealdean. Herenegun egindako zozketan erabaki ziren txapelketan izango diren multzoak, baita jokatuko diren norgehiagokak ere. Jardunaldiak uztailaren 13an, 20an eta 27an jokatuko dira; abuztuaren 3an finalaurrekoen txanda izango da, eta finala abuztuaren 10ean jokatuko da.

Igande honetan bertan beste partida bat jokatuko du Goikoetxeak, kasu honetan, Markinan (Bizkaia). Aldazabal bikote duela, Hormaetxea-Aimarren aurka arituko da. Partida igandean jokatuko da, 18:00etan hasita.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide