Imanol Larrañaga azkoitiarrak irabazi du Uxue Trail mendi lasterketako proba luzea

Urola Kostako Hitza 2019ko uztailaren 7a

Atzo jokatu zuten Usurbilgo Uxue Trail mendi lasterketa. Proba luzean, Jokin Gijarro zumaiarrak hirugarren egin zuen gizonetan, eta Nerea Amibilibia zarauztarrak hirugarren emakumeetan. Ibilbide motzean, hirugarren postua eskuratu zuen Mari Carmen Seijas azkoitiarrak.

Uxue Trail mendi lasterketako podiuma. (Argazkia: Noaua)

Uxue Trail mendi lasterketa jokatu zuten atzo, larunbata, Usurbilen (Gipuzkoa), eta eskualdeko hainbat korrikalari nabarmendu ziren lasterketan. Korrikalariek bi ibilbide zituzten aukeran, 11 kilometrokoa eta 20 kilometrokoa, eta Imanol Larrañaga azkoitiarra nagusitu zen proba luzean; ordubete 39 minutu eta sei segundo behar izan zituen 20 kilometroko bidea osatzeko. Gainera, proba berean, Jokin Gijarro zumaiarrak hirugarren egin zuen (1:42:38); Nerea Amibilibia zarauztarrak, berriz, hirugarren postua eskuratu zuen emakumezkoetan, 2:04:24 denborarekin.  Bestalde, ibilbide motzean, hirugarren postuan amaitu zuen Mari Carmen Seijas azkoitiarrak; 1:13:23 denbora behar izan zuen 11 kilometroko ibilbidea osatzeko.

Guztira, 300 lasterkarik parte hartu zuten Uxue Trail proban; 143 lagunek ibilbide motza egin zuten, eta 134k luzea.

 

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide