San Fermin txikiak hartu du eskualdea

Urola Kostako Hitza 2019ko uztailaren 5a

Azkoitian, Azpeitian eta Zumaian, udaleku irekietako ehunka umek ospatu dute San Fermin txiki, eta kaleak hartu dituzte entzierroak irudikatuz. Getarian, Orion, Zestoan eta Zarautzen datozen egunetan egingo dituzte ekintzak.

Bihar hasiko diren San Fermin festetan murgildu dira gaur Urola Kostako ehunka ume. Izan ere, Azkoitian, Azpeitian eta Zumaian San Fermin txiki ospatu dute udalekuetako haurrek, eta giro ona nagusitu da hiru herrietan. 12:00etako kanpaiak jotzearekin bat, suziria bota dute Azkoitiko eta Azpeitiko udaletxeetako balkoitik, eta orduan hasi dute festa umeek. Izan ere, txupinazoarekin bat entzierroa egin dute kaleetan zehar, eta plazan egin duten festarekin amaitu dituzte bi herrietako San Fermin txikiak.

Zumaian, txikienak Puntanuetan ibili dira kartoizko zezenaren aurrean, eta zaharragoak, berriz, Erribera kalean ibili dira korrika. Zuri-gorriz jantzita, han ere helduen irrifarreak eragin dituzte euren lasterkaldi eta emozio aurpegiekin.

Datozen egunetan, gehiago

Getarian, Orion, Zestoan eta Zarautzen, bestalde, astelehenean egingo dituzte ekintzak. Getarian, eguerdi partean ospatuko dute San Fermin txiki; Orion, Ikastola inguruan egingo dute festa, 12:00etan; Zarautzen, herriko udaleku guztietako kideak elkartuko dira Lege Zaharren enparantzan, eta 11:15ean txupinazoa bota ondoren, entzierroa hasiko dute. Segidan, umeak kalez kale ibiliko dira balkoietatik ura botatzeko eskatzen. Zestoako udalekuetakoek, bestalde, 12:30ean egingo dute entzierroa, plazan. Euria eginez gero, ordea, kiroldegi ondoko aterpera lekualdatuko dute festa.

Udalekuetako kideek ez ezik, Zarauzko Kalerki jaialdiko antolatzaileek ere prestatu dute sanferminen inguruko jaia. Izan ere, jaialdiaren barruan, zezen puzgarriak ibiliko dira etzi Alde Zaharreko kaleetan zehar entzierroa irudikatzen, 18:30ean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide