Larunbatean hasiko dira Iruñean eta Euskal Herriko beste hainbat txokotan sanferminak, eta festek izango dute oihartzuna Urola Kostan ere. Izan ere, ohi bezala, San Fermin txiki ospatuko dute zenbait herrietako ehunka umek datozen egunetan.
Aurten, sanferminetako txupinazoa zapatuan izanik, eskualdeko udalekuetako antolatzaileek ostiralera edo astelehenera aldatu dute zita. Azkoitian, Azpeitian eta Zumaian, esaterako, bihar ospatuko dute San Fermin txiki, eta Azkoitian eta Azpeitian, 12:00etan udaletxeko balkoitik txupinazoa bota ondoren, entzierroa egingo dute kaleetan zehar. Azkoitian, Oteiza pilotalekuetaraino joango dira korrika, eta handik plazara itzuliko dira, festarekin jarraitzeko. Azpeitian, berriz, Alde Zaharretik barrena lasterka ibiliko dira udalekuetako umeak eta begiraleak; plazan amaituko dute entzierroa, eta han lauzpabost kantu kantatuko dituzte. Zumaian, berriz, LH 1 eta 6 mail artekoek Erribera kalean egingo dute entzierroa, 10:15ean; HH 3-5 mailetakoek, aldiz, 11:00etan egingo dute entzierroa, Puntanoetan.
Getarian, Orion, Zestoan eta Zarautzen, bestalde, astelehenean egingo dituzte ekintzak. Getarian, eguerdi partean ospatuko dute San Fermin txiki; Orion, Ikastola inguruan egingo dute festa, 12:00etan; Zarautzen, herriko udaleku guztietako kideak elkartuko dira Lege Zaharren enparantzan, eta 11:15ean txupinazoa bota ondoren, entzierroa hasiko dute. Segidan, umeak kalez kale ibiliko dira balkoietatik ura botatzeko eskatzen. Zestoako udalekuetakoek, bestalde, 12:30ean egingo dute entzierroa, plazan. Euria eginez gero, ordea, kiroldegi ondoko aterpera lekualdatuko dute festa.
Zezen puzgarriak, Zarautzen
Udalekuetako kideek ez ezik, Zarauzko Kalerki jaialdiko antolatzaileek ere prestatu dute sanferminen inguruko jaia. Izan ere, jaialdiaren barruan, zezen puzgarriak ibiliko dira etzi Alde Zaharreko kaleetan zehar entzierroa irudikatzen, 18:30ean.