Getaria eta Zumaia arteko sei kilometroak egoitzetako langileen aldarrikapen gune bihurtu ziren atzo goizean, ELA sindikatuak antolatutako Zaintza Martxaren bigarren etapa egin baitzuten beharginek.Eguerdian iritsi ziren Zumaiara, eta udaletxean zain zituzten Iñaki Ostolaza alkatea eta EH Bilduko Arritxu Iribar, Alex Oliden, Marina Bidasoro eta Asier Arakistain zinegotziak.
Langileen ordezkaritza batek eta ELA sindikatukoek beren aldarrikapenen berri eman zieten Zumaiako udal ordezkariei.
Atzokoa 71. greba eguna zela gogoratu zuten langileek. Sektorearentzat hitzarmen berri bat lortzeko mugimenduak egon badaudela adierazi, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren jarrera salatu dute. "ELA sindikatuaren eta patronalaren gehiengoaren artean akordioa badago, baina aldundiak ez du babesten. Gurea zerbitzu publiko bat denez, ez dugu ulertzen aldundiak babesik ez ematea", adierazi du Janire Diaz ELA sindikatuko kideak. Eusko Jaurlaritzak deitutako bilera batera aldundia joan ez izana ere salatu dute.
Egoitzetako langileek soldatak eguneratzea, lan kargak arintzea eta ratioak hobetzea eskatzen dute. Aldarrikapenak azaldu ondoren, Zumaiako Udalaren atxikimendua eta babesa eskatu zituzten langileek.