Janire Gonzalez-Etxabarri eta Iker Amatriain, Espainiako txapeldun

Urola Kostako Hitza 2019ko eka. 25a, 14:14

Espainiako surf txapelketa jokatu da asteburuan Valdoviñon (Galizia), eta maila absolutuan gailendu dira surflari zumaiarra eta zarauztarra. Gonzalez-Etxabarri da, gainera, txapelketa hau irabazi duen surflari gazteena.

Gonzalez-Etxabarri da Espainiako txapeldun gazteena

Espainiako Surf Txapelketa jokatu da asteburuan Valdoviñon (A Coruña, Galizia), eta eskualdera etorri dira garaipenak bai emakumezkoetan, bai gizonezkoetan. Janire Gonzalez-Etxabarri zumaiarra eta Iker Amatriain zarauztarra dira Espainiako txapeldun maila absolutuan. 

Juniorretako azken urtea du Amatriainek, eta finalean maila ona eskaini zuen. 16,35 puntu lortu zituen, eta kalitate ona erakutsi zuen manga guztietan.

Aurreko urteetan ere irabazi izan du Espainiako Txapelketa, 16 eta 18 urtez azpiko mailetan.

Emakumezkoetan, berriz, emozioz betetako finala jokatu zuten. Janire Gonzalez-Etxebarrik surf ederra egin zuen jardunaldi osoan zehar, eta 14 urterekin, Espainiako Txapelketa maila absolutoan irabazten duen surflari gazteena da. Melania Suarez eta Gonzalez-Etxebarriren artean izan zen lehia, eta zumaiarra gailendu zen 16 punturekin. Suarez bigarren sailkatu zen 12,10 punturekin, eta bi hauen atzetik Nerea Donaire eta Blanca Tye sailkatu ziren, 7,20 eta 7,10 punturekin, hurrenez hurren. 

Amatriain nahiz Gonzalez-Etxabarri, biak pozarren ziren lortutako garaipenarekin, eta zumaiarra ezin sinetsita zegoen txapelketa hau irabazi duen surflari gazteena delako. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide