Atzerakontuan murgilduta daude dagoeneko eskualdeko arraun taldeak, asteburuan hasiko baitute lehia KAE 2, KAE 1 eta ETE ligetako kideek. Guztira, eskualdeko bederatzi traineru ariko dira liga desberdinetan lehiatzen.
Dagoeneko laugarren estropada jokatuko dute beteranoen ABE ligakoek asteburu honetan, Plentzian (Bizkaia). Zarauzko eta Zumaiako traineruek hartzen dute parte ABEn, eta oraingoz, Zarauzko Badok13k irabazi ditu jokatutako hiru estropadak. Uztailaren amaieran bukatuko dute ABE liga.
KAE 2 ligan Orio B taldea ariko da lehian, eta asteburu honetan izango dute lehen estropada Erandion (Bizkaia), igandean. Horiek baino lehenago, larunbatean, KAE 1 eta ETE ligako arraunlariek izango dituzte estropadak. KAE 1 ligakoa Pasai Donibanen (Gipuzkoa) izango da eta, bertan, Zarauzko, Zumaiako eta Getariako taldeak ariko dira eskualdetik. Emakumeen ETE ligan, berriz, Zumaiako traineruak hartuko du parte. Hori da aurtengo berrikuntza nagusia, Zumaiako Telmo Deunek 2015etik ez baitzuen atera emakumezkoen talderik. Igartza bandera lortzeko lehian ariko da Zumaia larunbatean.
TKEko Eusko Label liga eta Euskotren liga ondoren hasiko dira. Orioko trainerua izango da gizonezkoen maila gorenean ariko den eskualdeko talde bakarra, eta hauek, ekainaren 22an hasiko dute denboraldia, 10. Bilboko Bandera jokoan dutela. Aurrerago eskualdean ere izango dituzte hitzorduak; hain zuzen, uztailaren 20an jokatuko dute Orioko Kanpina bandera, eta abuztuaren 17an eta 18an, berriz, Zarauzko bandera. Kontxako Bandera tartean dela, Portugaleten amaituko dute denboraldia TKE ligakoek, irailaren 15ean.
Euskotren ligan, emakumezkoen mailarik altuenean ere, Orioko taldea izango da eskualdetik lehian ariko den traineru bakarra. Ekainaren 29an hasiko dute denboraldia, Astilleroko banderarekin. TKE ligakoen hitzordu berdinak dituzte Orioko eta Zarauzko estropadetarako, baina kasu honetan, Zarauzko Bandera bereziagoa izango da, izan ere, ligako azken estropada izango da Euskotrenekoentzat. Behin hori jokatuta, Kontxako bandera izango dute hurrengo hitzordu garrantzitsua.
Traineru aurkezpenak
Udako sasoiari begira daude eskualdeko arraunlariak, eta ohitura den moduan, zenbait herritan traineruen aurkezpenak egin dituzte arraun elkarteek. Pasa den asteburuan, esaterako, Zarauzko eta Getariako traineruak aurkeztu zituzten. Biak ala biak KAE 1 ligan ariko dira lehian, eta denboraldian «txukun» jarduteko itxaropena eta asmoa azaldu dituzte.
Zumaian martxoan aurkeztu zuten arraun taldeak. Kasu honetan, udan lehiatuko diren taldeez gain, beste kategorietako taldeak ere aurkeztu zituzten eta, azaldu zutenez, guztira, 120 arraunlari aritu dira edo ariko dira Zumaiako elastiko gorriarekin arraunean. Udako sasoian ariko diren Telmo Deunen traineruak, ordea, gizonezko seniorrena, emakumezko seniorrena eta beteranoena izango dira.
Orioko Arraun Elkarteak larunbat honetan aurkeztuko ditu udako sasoian lehiatuko diren traineruak. 19:00etan herriko plazan jarri dute hitzordua. Eskualdeko gainontzeko taldeen artetik Oriokoak dira maila gorenean ariko direnak, traineru bana izango baitute TKE eta Euskotren ligetan. Orio B taldeak, berriz, KAE 2 ligan hartuko du parte.