Haurren V. duatloia jokatuko da igande honetan Alai auzategian, asteburuan bertan ospatuko dituzten jaietako egitarauaren baitan. Benjamin, kimu eta infantil mailako haurrei zuzendutako kirol jarduera da, eta izen-ematea dagoeneko zabalik dago.
Orain dela hilabete, maiatzaren 12an, triatloi eta duatloi ikastaroak antolatu zituen Zumaiako Triatloi Taldeak. Gaztetxoek eta gainontzekoek kirola ezagutzeko. Txikienek, orain, duatloi batean parte hartzeko aukera izango dute.
Igandean, 11:30ean jokatuko dira duatloiak, hiru mailatan banatuta. Benjamin mailako haurrek 250 metro egingo dituzte korrika, kilometro bat bizikletan, eta beste 125 metro korrika. Kimuek 500 metro korrika, 2 kilometro bizikletan, eta 250 metro korrika egingo dituzte. Amaitzeko, infantil mailako kirolariek 1.000 metro egingo dituzte korrika, 4 kilometro bizikletan, eta proba amaitzeko, beste 500 metro korrika. Parte hartzaileek, une oro, antolatzaile taldeko kideen laguntza izango dute.
Korrika saioak Alai auzategian barrena egingo dira, eta bizikletako saioak, berriz, Alai eta Puntanoetako etxebizitzen bitartean.
Kirol jarduera honetan parte hartzeko aurrez izena eman beharko da. Bi aukera jarri dituzte horretarako: Lubaki kiroldegian, edo triatloi.org webgunearen bitartez.