Orioko arraunlariak nagusitu dira Lekeitioko uretan

Urola Kostako Hitza 2019ko ekainaren 9a

Gaur jokatu dituzte traineru ligetako aurredenboraldiko azken estropadak. 11 ontzik parte hartu dute emakumezkoen norgehiagokan, eta Oriokoa nagusitu da. 21 ontzi izan dira gizonezkoen estropadetan, tartean, Zumaiakoa, Orioko B ontzia, Zarauzkoa eta Getariakoa.

(Orio Arraunketa Elkartea)

Traineru ligen aurredenboraldiko azken txanpan murgildu dira arraun taldeak. Gaur, igandea, aurredenboraldiko azken estropadak jokatu dituzte Lekeition (Bizkaia), eta bertan izan dira eskualdeko hainbat ontzi.

Emakumezkoen norgehiagokan 11 taldek parte hartu dute, eta Orio Arraunketa Elkartea nagusitu da. Hala, Lekeitioko 41. Bandera irabazi du gaurkoan. 22 segundoko aldearekin lortu du bigarren postua Hondarribiako ontziak. Zumaiako ontzia ere izan da lehian, eta bosgarren egin du. Datorren denboraldian, Euskotren Ligan jokatuko du OAEk, eta ETE ligan Zumaiak.

Gizonezkoen gaurko estropadei dagokienez, Donostiarra taldeak irabazi du. Guztira 21 ontzi aritu dira nor baino nor Lekeitioko uretan, tartean, Zumaiakoa, Orioko B ontzia, Zarauzkoa eta Getariakoa. Zumaiako arraunlariek zazpigarren sailkatzea lortu dute gaur (22:36:12), eta ZAEkoek bederatzigarren postua eskuratu dute (22:52:61). Orioko B ontziak hamaikagarren egin du (23:03:04), eta Getariakoak, aldiz, hamaseigarren.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide