Pilota Egokituaz gozatzeko aukera izango da bihar arratsaldean Andoainen. Bertan, jolas, erakustaldi eta erronkaz gain, hainbat txapelketatako finalak izango dira ikusgai, 18:00etatik aurrera. Lehenik, adimen urritasuneko palako txapelketako bi finalak jokatuko dira, eta ondoren gurpil aulkiko palakoa.
Adimen urritasuneko lehen finalean jokatuko dute Xabier Olaziregi zumaiarrak eta Lorea Iribar zarauztarrak, elkarren aurka. Liga gorrian aritu dira jokatzen, eta Olaziregik Iñaki Divasson izango du bikote; Iribarrek, berriz, Xabier Villar. Ondoren, liga urdineko finala izango da. Kasu honetan, eskualdeko beste hiru pilotariak lehiatuko dira. Alde batetik, Jurdan Arakistain eta Joseba Altuna, eta, beste aldetik, Haritz Lertxundi eta Iraitz Huegun. Amaitzeko, berriz, gurpil aulkiko finala egongo da. Hilario Olano eta Beñat Lizaso bikoteak Joseba Lasa eta Aingeru Senperena izango dituzte aurkari.
Bihar amaituko den Pala Egokituko Gipuzkoako Txapelketan guztira adimen urritasuna duten 12 pilotari ibili dira, eta gurpildun aulkiko sei.