Urola Kostako zerrendaburu desberdinen balorazioak, hauteskundeetako emaitzen inguruan

Urola Kostako Hitza 2019ko maiatzaren 28a

Ana De Benito. Ahal Dugu-EquoBerdeak Zarautz: "Zinegotzi bat lortu dugu behintzat, eta horrekin pozik gaude".

"Emaitzek ez gaituzte harritu; bagenekien zaila izango zela bi ordezkari mantentzea. Zinegotzi bat lortu dugu eta pozik gaude, baina zaila izango da udaletxean bakarrik egotea. Gu hitz egiteko prest gaude, baina EAJk erabakiko du zer gertatuko den Udal Gobernuarekin".

Joxe Antonio Labaka. Errezilgo Errezilgintza: "Ez genuen hasiera indartsurik espero, eta pozik gaude bi zinegotzi lortuta".

"Gustura gaude jaso ditugun emaitzekin. Aurreko lau urteetan ez gara udalean egon, ez zen erraza irabaztea eta ez genekien ze emaitza espero genitzazkeen. Bi zinegotzi lortu ditugu behintzat, eta gustura gaude. Ez genuen hasiera indartsurik espero, eta ikusiko dugu hemendik aurrera ze jarraipen ematen diogun, gure ideia udalean jarraitzea eta lanean segitzea da".

Mikel Arregi, Ertxin. Zestoako EH Bildu: "Herritarren neurrirako udal bat egin nahi dugu, hori da gure eredua".

"Hauteskundeen inguruan, oso balorazio baikorra egiten dut. Uste baino diferentzia handiagoa atera diogu EAJri. Egia esan, gogotsu nago etapa berriari ekiteko. Talde egokia dugu, eta gure helburua da herritarrekin batera Zestoa hobetzea. EAJk lortutako botoak ere kontuan hartu beharrekoak dira, eta gustatuko litzaiguke elkarlanerako oinarri batzuk jarri ahal izatea. Bestalde, guk beste eredu bat jarri nahi dugu martxan, eta eredu hori da ezinbestean herritarren neurrirako udal bat egitea".

Anuska Esnal. Orioko EH Bildu: "Datozen urteetarako lan bidea diseinatzen hasiko gara"

"Egia esan, ez genuen espero horrelako emaitzak jasoko genituenik, eta hunkituta gaude. Aurrez, oso-oso pozik geunden egindako bidearekin, eta zentzu horretan irabazle sentitzen ginen, baina ez genuen espero emaitzetan isla hau edukiko zuenik. Oso eskertuak gaude herriari. Azarotik lan asko egin dugu taldean, oso polita izan da bidea eta oso indartsu eta entxufatuta gaude aurrera begira lan egiteko.
Datozen egunetan, guk askotan aipatu dugun lan egiteko modua lantzen hasiko gara, lanketa estrategikoa egin eta hurrengo urteetako lan bidea diseinatzen, elkarrekin eta zubiak eraikiz. Lanerako gogoz eta indartsu gaude".

Javier Zubizarreta. Azkoitiko EAJ: "PSE-EErekin dugun lankidetza bideari jarraitzeko arazorik ez daukagu"

"Oso gustura nago emaitzekin, EAJ izan delako herritar gehienen konfiantza jaso duen alderdia. Gehiengo absolutua galtzea aurreikuspenen barruan zegoen. Oso zaila zen orain arteko emaitzei eustea. Nahiago genukeen 2015eko emaitzak errepikatzea, baina errealistak izanda, gustura gaude izandako emaitzekin. Laguntza behar izan dugunean, eskatu egin dugu, eta une horietan, PSE-EEren laguntza jaso dugu. Lankidetza horrek emaitza onak izan ditu, eta ez dugu arazorik bide horretan jarraitzeko".

Iñaki Ostolaza. Zumaiako EH Bildu: "Gehiengoa edukita ere, adostasunetara heldu nahi dugu oinarrizko gaietan"

"Balorazio oso ona egiten dugu. Lehenbizi eskerrak eman botoa eman diguten zumaiar guztiei. Pasada bat izan da jaso dugun boto kopurua. Eskerrak eman denei gugan konfiantza jartzeagatik. Bestalde, aipatu nahi dut orain arte udaletxean EH Bilduko zinegotziek egindako lana. Pauso bat ematen hasi ziren, konponbiderako eta adostasunerako pausoak, eta guk ildo horretatik jarraituko dugu datozen lau urteotan. Nahiz eta gehiengoa eduki, kontu basikoetan adostasunera heldu nahi dugu denekin, Zumaiaren onerako. Azkenik, esan 2.627 boto asko dela, pila bat pozten garela, eta ardurarekin jokatuko dugula. Mezua hartu dugu".

Nagore Alkorta. Azpeitiko EH Bildu: "Lanean hasi eta justizia sozialean gure oinarriak jarri nahi ditugu"

"Balorazioa oso-oso ona da. Ikusi dugu herritarrek benetako babesa eman digutela, azken zortzi urte hauetako proiektua babestu dutela, eta gainera gurekin aurrera segi nahi dutela. Herritarrekin bildu nahi dugu, lanean hasi, eta batez ere, justizia sozialean gure oinarriak jarri. Denak babestuko ditugu, denak dira guretzat gure herritarrak".

Janire Igoa. Azkoitiko PSE-EE: "Ez dugu babetuko azoitiarren agenda soziala lehenesten ez duen programarik".

 

"Igandean lortutako babesagatik eskerrak eman nahi dizkiet boto-emaile guztiei. Laguntza honek aurreko lau urteetan egindako lana babesten du eta horren bidez Azkoitia eta azkoitiarrak nire ekintza politikoaren erdian kokatzen jarraituko dut. Gu pozik gaude lortutako boto gorakadarekin, eta gure eserleku bakarra erabiliko dugu enplegua bultzatzeko, gizarte politikak hobetzeko eta Azkoitiko garapen ekonomikoan aurrera egiteko.
Emaitza berriekin EAJk dagoeneko ez du gehiengo absolutua, eta alderdien arteko akordioak lurralde mailan eta Euskal Autonomia Erkidego mailan kudeatuko dira, baina egonkortasunerako akordioak lau urtez egin behar dira, eta sozialistok ez dugu babestuko azkoitiarren agenda soziala eta ekonomikoa lehenesten ez duen programarik".

Xabier Txurruka. Zarauzko EAJ: "Zarautzek aurrera egitea erabaki du boz hauetan, argi eta garbi"

"Oso pozik gaude emaitzarekin. Helburua Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan apirilean lortutako emaitzak berdintzea zen, 5.463 boto, eta berdindu ez, gainditu egin ditugu, 5.757 boto lortuta. Zarautzek aurrera egitea erabaki du hauteskunde hauetan, argi eta garbi".

Jose Anjel Iparragirre. Orain herri plataforma: "Aukera guztiak zabalik ditugu, orain besteek diotena entzun behar dugu"

"Emaitzak oso txarrak izan dira Orain taldearentzat, eta dezepzio handia hartu dugu. Ustez lan txukuna egin dugu urte hauetan guztietan, baita kanpainan ere, baina zinegotzi bat gutxiago izango dugu.

Bigarren zinegotzia galtzeak batzorde guztietara taldekide bakar bat joatea dakar, eta uste dugu gaizki ibiliko garela alde horretatik. Orokorrean, aldaketa datorrela dirudi, baina ez dago ezer erabakita. Orain plataformako kideok taldean hitz egin genuen atzo, eta ez genuen ezer garbirik adostu. Aukera guztiak zabalik ditugu, eta orain besteek diotena entzun beharko dugu. Datozen lau urteetan, besteek diotenaren arabera jokatuko dugu, herriak hala erabakita, ez baitugu ezer lidertzeko aukerarik. Mahai gainean jartzen digutena babestuko dugun bai edo ez, dagokion forman eta denboran, azpijokorik gabe, erabakiko dugu".

Haritz Alberdi. Getariako EH Bildu: "Oso pozik gaude emaitzarekin"

"Anbiente ona daukagu hemen, oso gustura gaude. Erronka zen guretzat irabaztea, eta lortu dugu, eta orain lau urte baino boto gehiago jasota, gainera. Hautagaia berria denean, beti zaude amildegi baten aurrean, eta horregatik oso pozik gaude emaitzarekin. Orain lana egin behar da alderdiekin, eragileekin… Desberdinen artean aurrera egitea da gure asmoa”.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide