Lehen indarra izan da EAJ Gipuzkoan, eta Gipuzkoako Foru Aldundian agintzeko aukera izango dute jeltzaleek. Gipuzkoan, EAJk 130.767 boto eta 20 batzarkide lortu ditu; lehen baino bi eserleku gehiago. 2015eko bozekin alderatuta, portzentajeetan lau puntu gora egin dute jeltzaleek. EH Bildu izan da bigarren indarra Gipuzkoan, 116.113 boto jaso ditu, hamazazpi batzarkide lortuz. Koalizioak botoetan gora egin du, baina batzarkide kopuru berarekin jarraituko du.
PSE-EEk ere botoetan gora egin du, eta heldu egin die bederatzi batzarkideei Gipuzkoan. Sozialisten kasuan, 62.788 boto eskuratu dituzte; 2015eko foru bozetan baino 3.708 boto gehiago. Laugarren indarra Elkarrekin Podemos izan da, 32.831 boto bilduta, eta lau eserlekurekin. Bosgarrena izan da PP, 17.303 boto jasota, eta batzarkide bakar bat lortuta.
Antzeko argazkia izan da Urola Kosta eskualdean foru hauteskundeetan: EAJ izan da boto gehien jaso dituen alderdia, bigarrena EH Bildu, hirugarrena PSE-EE, laugarrena Elkarrekin Podemos eta bosgarrena PP. Udal bozetan, ordea, eskualdean EH Bildu izan da bozkatuena eta EAJ bigarrena.
Urola Kostako foru hauteskundeetako emaitzen arabera, lehen hiru alderdi bozkatuenek (EAJ, EH Bildu eta PSE-EE) boto kopuruan gora egin dute, azken foru hauteskundeetako datuekin alderatuta. Oraingo foru bozetan EH Bilduk egin du gora gehiena boto kopuruan; hau da, 16.573 boto eskuratu ditu, 2015ean baino 2.274 gehiago. EAJk 1.569 boto irabazi ditu azken foru bozetako emaitzekin alderatuta, oraingoan 17.455 boz eskuratuta. PSE-EEk, berriz, 532 boto gehiago lortu ditu, guztira 3.049 jasota.
Bestetik, botoetan behera egin dute eskualdean Elkarrekin Podemosek eta PPk. Aurrenak aurreko bozetan 2.799 boto eskuratu zituen Urola Kostan, eta oraingoan 1.997; hau da, 802 galdu ditu. Alderdi popularrak, berriz, 825 boz bildu ditu, aurrekoan baino 102 gutxiago.
Foru bozetako parte hartzeak gora egin du Urola Kostan; hala, abstentzioa bi puntu jaitsi da azken foru bozetako deialditik; %29,18 izan da abstentzioa. Gipuzkoa mailan, berriz, abstentzioa handiagoa izan da, %33,38.
Batzarkideak
51 batzarkidek osatzen dituzte Gipuzkoako Batzar Nagusiak: 20 EAJk lortu ditu, 17 EH Bilduk, 9 PSE-EEk, 4 Elkarrekin-Podemosek eta 1 PPk. Igandeko emaitzak tarteko, badira datorren agintaldian batzarkide izango diren eskualdeko herritarrak eta bizilagunak. Hain zuzen ere, Maria Eugenia Arrizabalaga (EAJ), Imanol Lasa (EAJ), Maria Jesus Zelaia (EAJ), Eider Mendoza (EAJ), Jabier Altuna (EAJ), Arantxa Zubizarreta (EAJ), Estitxu Elduaien (EH Bildu), Esther Agirre (EH Bildu), Mirene Begiristain (EH Bildu) eta Arritxu Marañon (PSE-EE).
Orion, foru bozetarako aukera EAJ izan da
Urola Kostako udal eta foru hauteskundeetako emaitzak alderatuta, ez dago aldaketa handirik bateko eta besteko boto aukeren artean. Dena den, askotan boto gutxi batzuek aldatu dezakete mapa politikoa. Orion, esaterako, udal hauteskundeetan EH Bildu izan da indar nagusia 1.257 boto lortuta, baina Batzar Nagusietarako hauteskundeetan EAJ izan da alderdi babestuena 1.341 boto jasota; EH Bilduk, berriz, 1.227 boto lortu ditu.