Udal eta foru hauteskundeak ez ezik, Europako parlamentua osatzeko bozak ere izan ziren atzo. Eskualdean, EAJk lortu ditu boto gehien hauteskunde horietan; guztira, 16.291 boto jaso dituzte jeltzaleek, eta 508 boto gutxiago eskuratu ditu EH Bildu koalizioak. PSOE alderdia izan da hirugarren indarra eskualdean, 3.474 boto lortuta; atzetik, Unidas Podemos alderdiak 2.929 boto irabazi ditu.
Eskualdeko mapari dagokionez, ordea, EH Bildu nagusitu da, koalizioak irabazi baitu Urola Kostako herri gehienetan. Hain zuzen ere, Aizarnazabalen, Azpeitian, Beizaman, Errezilen, Getarian, Zestoan eta Zumaian EH Bildu izan da lehen indarra, eta jeltzaleek Aian, Azkoitian, Orion eta Zarautzen irabazi dute. Zentzu horretan, udal eta Europako hauteskundeetako argazki bera mantendu da eskualdean, Orion izan ezik. Izan ere, udalerri horretan EH Bilduk irabazi ditu udal bozak (%41), baina Europakoetarako jeltzaleek jaso dituzte boto gehien (%41,72).
Bestalde, erroldaren %70,26ak eman du botoa Europako hauteskundeetan; hain zuzen ere, udal hauteskundeetan izan den parte hartzea mantentu da (%70,82) Europakoetan ere.