Lanbide Heziketa eta industria eta zientzia arloekin zerikusia duten ikasketak ez dira emakumeen lehentasun izaten gai hartuta Emakumeon* Etxea elkarteak eta udaleko Berdintasun
Sailak saioa egin zuten asteartean Zumaian. Hizlari aritu ziren: Igor Iturain (Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakaria); Ianire Flores eta Eugenia Iraola (GKN); Idoia Olano eta Aintzane Etxaide (Kortagroup); Marta Gezuraga, Haritz Zulaika eta Agurtzane Manterola (Siemens); eta Amparo Borrachero eta Irune Bernal industria sektoreko langileak.
Iturainek eskualdeko langabezia datuetan jarri zuen arreta; Gipuzkoako baxuenak izan arren, emakumeena gizonezkoena baino altuagoa dela nabarmendu zuen. Gainera, emakume gehienak zerbitzuen sektorean ari direla azpimarratu zuen. Gogoratu zuen emakumeak kontratatzeko dirulaguntzak daudela. "Emakumeen laneratzeak batzuetan arazoak sortzen ditu enpresetan, horregatik, programa bat garatu dugu, eta datozen urteetan ere bide beretik egingo dugu lana".
Enpresetako ordezkariek emakumeak lan teknikoetara gehitzearen garrantzia nabarmendu zuten. GKNn, esaterako, Zumaiako lantegian lan egiten duten langileetatik soilik % 9 da emakumezkoa, eta horietatik bik bakarrik egiten dute lan tailerrean. "Datu horiek hobetzeko" lanean ari direla adierazi zuten: emakumeentzako aldagelak egin dituzte, soldata berdina ordaintzen zaie, langile berriak hartzerakoan diskriminazio positiboa egiten dute eta Lanbide Heziketako eskolekin emakumeak programa dualean hartzeko hitzarmenak dituzte. Kortagroupen egoera ere antzekoa da. 70 pertsonek egiten dute lan Oikiako lantegian eta horietatik % 10 dira emakumezkoak. "Gurean, ordea, tailerrean ez dago emakumerik, beste sail batzuetan egiten dute lan", adierazi zuten. Etorkizunean beste argazki bat osatu nahi dutela azpimarratu zuten, eta Aintzane Etxaidek emakumeak sektorean lan egitera animatu zituen. "Ez dut inoiz emakume izateagatik oztoporik izan enpresan, ezta ama izan nintzenean ere. Generoak ez du inporta; bai, ordea, bakoitzaren jarrerak, gaitasunak eta esperientziak".
Oikiako Siemensen langileen % 30 da emakumezkoa ,eta Kortagroupen gertatzen den moduan, ez dago emakumerik produkzioan. "2020rako, gutxienez, bi akume nahi ditugu sail horretan", nabarmendu zuten. Perfil horretako emakumeak lortzea zaila dela ere azaldu zuten. "Aniztasuna nahi dugu gure enpresan eta ez dugu lortzen. Gogoa eta gaitasuna duten pertsonak bilatzen ditugu".
Esperientzia propioak
Amparo Borrachero eta Irune Bernal zumaiarrek duela gutxi egin dute sektore horretara jauzia. Borracherok denda bat izan zuen eta hura utzitakoan Okin enpresan sartu zen Lanbiden ikastaro bat eginda. "45 urte ditut eta ez dut damurik egindako ibilbideaz. Enpresan persona bezala hazi eta beste gaitasun batzuk garatu ditut. Emakumeak hartzeko zain daude enpresak", adierazi zuen.
Bernalek 20 urte ditu eta iaz hasi zituen Lanbide Heziketako ikasketak Zarauzko Oteitza lizeo politeknikoan. Beldurrarekin eta ezjakintasunarekin hasi zituela nabarmendu zuen. "Klasean neska bakarra izango nintzela uste nuen, eta ikasten amaitutakoan zer lan egingo nuen ere ez nekien, baina GKNra bisita bat egin eta asko gustatu zitzaidan. Laster formazio duala egiten hasiko naiz bertan".
Zarauzko Antoniano aretoan gaur egingo dute antzeko hitzaldi bat, 18:30ean. Bertan izango dira Ana Belen Juaristi (Indaux), Generosa Cerviño (IndauxOkin) eta Eugenia Iraola (GKN
Driveline), baita Gema Marrero, Aintzane Etxaide eta Eider Irigoien ikasle ohiak ere.