Zumaiako Oxford aretoa beteta, udal hauteskundeen inguruko mahai inguruan

Baleike 2019ko maiatzaren 21a

Oier Kortak (EAJ) eta Iñaki Ostolazak (EH Bildu) alkategaiek hartu zuten parte. Proposamenak aurkezteaz gain, herritarren galderei erantzun zieten bi alderdietako hautagaiek.

Maiatzaren 26ko udal hauteskuneen harira, mahai ingurua egin zen joan den ostegunean Zumaian Baleikek, UROLA KOSTAKO HITZAk eta Erlo Telebistak antolatuta. Zumaiako alkatetzarako lau hautagaiak gonbidatu zituzten, baina horietako bik hartu zuten parte: Oier Kortak (EAJ) eta Iñaki Ostolazak (EH Bildu). Moderatzaile lanetan, berriz, Onintza Lete Arrieta kazetaria aritu zen.

Enpresa baten zuzendaria, politika mundua ezagutzen du Ostolazak: 2011-2015 agintaldian EH Bilduko zinegotzia izan zen. Korta, berriz, Zumaiako alkatea izan da amaitzear den agintaldian.

Etxebizitzaren gaiaz aritu ziren lehenbizi. "Zumaiarrok herrian bizitzeko zer egin daiteke udaletik?" galdera egin zien moderatzaileak. Puntanuetako eremuan 300 etxebizitza —horietatik 100 babestuak — eraikitzeko proiektua martxan jarri behar dela uste du Ostolazak. Hutsik dauden etxebizitzak diru laguntzen bidez merkatura ateratzea eta OHGZ ezartzea dira proposatzen dituen neurrietako batzuk. Alokairu turistikoko etxebizitzen merkatua, berriz, arautu beharra dagoela azaldu zuen koalizioaren hautagaiak.

Azken agintaldian pauso garrantzitsuak eman direla irizten dio Kortak. Torreagako eremuan eraikiko diren 250 etxebizitzak —50 tasatu eta 50 babestu— aipatu zituen, besteak beste. Etxebizitza hutsen aferan, Alokabiderekin hitzarmena sinatzea eta Bizigune programa bultzatzea dira, Kortaren ustez, hartu beharreko neurriak. Puntanuetako proiektua "trabatuta" dagoela eta lan egin beharko dutela aipatu zuen.

Eredu ekonomikoaren inguruan, industria azken hamarkadetako zutabe nagusia izan arren, beste aukera batzuk kontuan izan behar direla uste du jeltzalen hautagaiak. Enplegu politikan Urola Kostako Udal Elkartearekin batera abiatutako programak nabarmendu zituen. Emakumezkoak laneratzean eta enpleguaren kalitatean neurriak hartzea proposatu dute, besteak beste.

Zumaia "bidegurutze batean" aurkitzen dela uste du Ostolazak. Ekonomiaren pisua industrian egon dela eta horrek herriari «bizitzeko kalitatea» eman diola uste du. Haren hitzetan, turismoaren gorakada eta industriaren beherakada batera etorri dira, eta "beharrezkoa" da horri buelta ematea. Enplegua sortu nahi dutenei, berriz, proiektuak garatzeko Ubillosen coworking zentroa egitea proposatu dute.

Turismo jasangarriaren aldeko apustua egingo dutela hitz eman zuen Kortak. Agintaldi honetan Turismo Plana landu dute, eta Turismo Mahaiaren osaketan lanean ari direla azaldu zuen. Bestetik, inguru naturalak zaintzeko beharra nabarmendu zuen. Ostolazak, bere aldetik, ondorengo neurriak proposatu zituen: ingurune naturaletan saturazio zantzuak agertu aurretik babes neurriak hartzea, espazio publikoak ez pribatizatzea eta turismoari buruzko erabakiak zumaiarrek hartzea. Turismo jasangarria da, Ostolazaren arabera, koalizioaren eredua.

Kiroldegia txiki geratu dela eta, epe motzean neurri ofizialetako bigarren kantxa bat eraikitzea eta igerilekua bi kale gehiago ateratzeko moldatzea proposatu zuen Ostolazak. Sagarbideko pistetako bat estaltzeko 2011-2015 agintaldian proiektua onartu zutela gogoratu zuen, eta EAJk hurrengo agintaldian geldiarazi zuela.

Puntanuetan kirol hiria egitea proposatu zuen Udal Gobernuak martxoan, futbol zelaia eta kiroldegia hara eramanda. Egun instalazioak dauden eremuan etxebizitzak egiteko aukera emango luke horrek, Kortaren arabera. Haren hitzetan, partida ofizialak jokatzeko neurriak ez betetzea da Sagarbideko aterpearen proiektua gelditzeko arrazoia.

Proiektuaren proposamenarekin lotuta, kezka bat agertu zuen Ostolazak: kirol hiriaren finantziazioa. Kiroldegia dagoen eremuan egingo diren etxebizitza libreen bitartez finantziatuz gero, kolpetik aberasteko proiektu baten bila joateak kezkatzen du.

Emakumeon* Etxea ere izan zuten hizpide; azken hilabeteotan 200 bazkidetik gora lortu ditu proiektuak. Adostasuna nabarmendu zuen Kortak, eta "ideologikoki anitza" izateko eskaera egin zuen. EH Bildu Emakumeon* Etxeko kideekin batu da, eta Ardantzabiden udalak duen lokala proposatu dute haientzat.

Herritarren txanda
Herritarren galderen artean, Txiribueltako kide batek hartu zuen hitza. Haurrentzako lokal bat lortu nahian dabiltza, eta diru soberakinak lanean hasteko baliatuko zituztela hitz eman omen zien Kortak. Hitzak "haizeak eraman" dituela salatu zuen herritarrak. Kortaren arabera, lehentasun kontua izan da: "Borondatea egon arren, udalak ahalmen ekonomikorik ez du".

Nekazaritza mundua babesteko eta elkarbizitza zaintzeko neurriak hartzeko eskaera egin zuen beste herritar batek. Turismo Planaren barruan agroturismoa eta baserrien egoera jasota daudela aipatu zuen Ostolazak, eta agintean egonez gero, lehenengo pausoa elkarrizketa izango dela hitz eman zuen. Agintaldi honetan baserritarrekin egindako lana azpimarratu zuen Kortak. "Jarrera eraikitzailea" izateagatik eskerrak eman eta lanean jarraituko dutela hitz eman zien.

Kirol ekipamenduen proiektuarekin lotuta, babes ofizialeko etxebizitzak murrizteko prest egotea «beldurgarria» iruditzen zaio beste herritar bati. Osteguneko mahai inguruan hark azaldu zuenez, administrazio publikotik babestu beharrekoak dira etxebizitzak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide