Arritxu Marañon: "Alokairuaren inguruko hitzarmenak proposatzen ditugu"

Juan Luis Romatet 2019ko maiatzaren 17a

Arritxu Marañon Basarte da oraingo bozetan ere PSE-EEren alkategaia Zumaian. Azken lau urteotan alderdi sozialistako zinegotzia izan da Zumaiako Udalean.

Etorkizun hurbilera begira, zure ustez, zein dira Zumaiak dituen erronka nagusiak?
Agintaldi hasieratik buru-belarri aritu gara San Joseko igogailuaren alde lanean. Errealitatea bihurtu den arte ez gara gelditu. San Josen bertan behar-beharrezkoa ikusten dugu irisgarrita- suna hobetzeko lanekin jarraitzea. Herriko beste puntu batean ere arazoak dituzte, Estazioan, hain zuzen ere. Estazioan ez da zentimo bat inbertitu azken 30 urteotan. Estazioa auzoarekin zer egin jakiteko, eta XXI. mendera ekartzeko, beharrezkoa ikusten dugu serio aztertzea.

Hauteskundeetara begira, zein dira zuen proposamenak?
Hirigintza aldetik, aurrez aipatutako bi auzoetan, Estazioan eta San Josen, lanean jarraitzea. Azken agintaldian lortu da estazio zaharra erostea. Eraikin horretan Zumaiako Industria on- darearen Ikerketa Zentroa jartzea proposatzen dugu.

Herriko arazoetako bat etxebizitzarena da.
Jaurlaritzarekin alokairuaren inguruko hitzarmenak egitea proposatzen dugu, hemendik aurrera posible izango delako. Gero, etxebizitza hutsak ere badaude herrian; modu positiboan egin behar da lan, eta etxebizitza hutsen jabeei pizgarriak eskaini behar zaizkie etxebizitza horiek merkatura ateratzeko.

Ekipamenduen inguruan, eta kulturari dagokionez, komentua hor dago.
Azken agintaldiko programan jada jasotzen genuen komentua eraberritzearen beharra. Komentuak neurri handiak ditu, leku desiragarrian dago, eta galdetzen dut: zergatik ez jarri hor flyscharen interpretazio zentroa? Leku aproposa da. Norbaitek galde dezake zer egingo dugun erromesekin. Behin-behineko neurri bezala hartu zen aterpetxea Komentuan jartzea. Zergatik ez aterpetxea Algorrira eraman? Buelta asko eman dizkiogu ideia honi, ez da tontakeria, eta zentzu guztia izango luke.

Gizartea gero eta zaharragoa da, eta gero eta behar handiagoekin.
Orain arte egoitzak sortzera bideratu dira ahaleginak, eta horrek berebiziko garrantzia du. Baina zahartze aktiboko politikak sustatu behar dira, 55 edo 60 urtetik gorako biztanleria aktiboa izan dadin. Hori da programan jasotzen duguna. Bestetik, belaunaldien arteko harremanak sustatzea ere jaso dugu. Frantzian funtzionatzen duen politika da.

Gero eta jende gehiagok egiten du kirola, eta herriko ekipamenduak gainezka daude. Proposamenik ba al duzue horren inguruan?
Etorkizuneko kirol hiriez hitz egin beharrean, egungo kontuez hitz egiten dugu. Saturatuta bakarrik ez, kiroldegia zaharkituta dago. Agian, kiroldegi berri bat egin beharko genuke.

Turismoaren alde daude batzuk, besteak kontra. Azken agintaldian turismo plan bat onartu da.
Turismo jasangarriaren aldekoa naiz. Zumaiak ezin du isolatuta geratu. Zumaia harribitxi txiki bat da, eta Gipuzkoako kostaldeko ezezagun handia. Zaindu behar dugun harribitxia da. Ez dago saturatuta, Zarautz dagoen bezala. Industria ondarea dugu, flyscha, bertako produktuak. Gauzak ondo eramanda, modu jasangarrian landuta, etorkizun interesgarria izan dezake.

Ekonomia kontuetan, Gipuzkoako langabezi tasa txikiena da Urola Kosta eskualdean.
Egia da langabezi tasa txikienak ditugula, baina soldatak krisiaren aurreko neurrietan daude. Enplegu politika aktiboak bultzatzen jarraituko dugu, bai herri mailan, baita aldundiarekin eta jaurlaritzarekin elkarlanean ere.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide