Iñaki Ostolaza: "Zumaia bizitzeko moduko herri bat izatea da erronka"

Maria Maya Manterola 2019ko maiatzaren 17a

2011-2015 agintaldian zinegotzi izan zen Zumaiako Udalean Iñaki Ostolaza, baina alkate izateko asmoz aurkeztu da datozen udal hauteskundeetara EH Bilduren zerrendaburu.

Nola baloratzen duzu aurreko agintaldia?
Udal Gobernuak oposizioarekiko izan duen jarrerari dagokionez, oso agintaldi traketsa eta etsigarria iruditu zait. Asko harritu ninduen agintaldiaren zati handi bat aurreko Udal Gober- nuaren inguruan hitz egiten pasatzeak. Jarrera, egin dutena eta etorkizunerako duten planteamendua ikusita, huts egindako agintaldia iruditzen zait.

Zer erronka ditu Zumaiak datozen urteetan?
Bidegurutze batean gaude. Zumaia herri industriala izan da, eta turismoa ere egon da; baina eragin gehiegi izan ez duena. Orain, boom bat dago, eta eragina dauka. Horrek beste lan mota batzuk ekarri ditu, lan prekario batzuk: estazionalagoak, soldata duinik gabekoak eta ez industrialak. Etxebizitzen prezio altuak ere gehitu behar zaizkio horri, eta horrek esan nahi du zu- maiarrontzat zailagoa dela oraingo Zumaian bizitzea. Bidegurutze horretan gaude, eta bi aukera ditugu: gure herri industrialari eutsi eta soldata duinak dituen herria eraiki, edo estazio- nalitate batera joan, prekarietate batera, eskaparate batera. Gure erronka handiena da Zumaia izatea herri bat bizitzeko modukoa, norabide horretan ipintzea.

Zein dira zuen programaren ardatz nagusiak?
Guretzat hirigintza arloan puntu garrantzitsuena Komentuko proiektua da, gure proiektu izarra da. Kulturaren inguruan mugitzen diren arlo guztiak batu nahi ditugu eraikin horretan. Si- nergiak sortzeko, baina baita Alde Zaharrari bizia emateko ere. Horrek libre uzten dituen lokal guztiekin banaketa berri bat egin genezake. Guk programan proposamen batzuk egiten ditugu, baina proposamen guztiak itxi aurretik, lokal horiek erabili behar dituzten taldeekin hitz egin behar da. Bestetik, kirol instalazioetan aurrerapauso bat eman beharrean gaude. Duela bi agintaldi, Udal Gobernuan geundenean, plan bat bagenuen, baina ez genituenez hauteskundeak irabazi, eten egin zen. Oraingo Udal Gobernuak erabaki zuen dena geratzea eta aztertzea. Egia esan, geratu egin dute, baina martxan ipini ez.

Udal Gobernuak epe luzerako proposamen bat aurkeztu du. Etorkizun hurbilerako zer proposatzen duzue?
Lehendabizikoa da beste kantxa bat egitea. Badirudi bideratuta dagoela; guk, behintzat, bideratuta utzi genuen duela bi agintaldi, baina oraingo gobernuak geratu egin zuen. Frontoiaren ondoan joango da kantxa bat, ez osorik estalita, beste erabilera batzuk ere izan ditzakeena. Guk proposatzen duguna da igerilekua handitzea, pare bat kale gehiago ateratzeko. Gaur egun, kiroldegia dagoen lekuan bertan gauza gehiago ere egin daitezke. Guk aurkeztu genuen plan bat: beheko aldagelak hustu, hor dauden spako guneak igerilekuko aldamenera atera, eta behekoa libre utziz gero, lokal gehiago egin daitezke. Horrez gain, futbol zelaiaren eta kiroldegiaren arteko tarte horretan gehigarri bat egin daiteke eta horrekin asko irabazten da: gimnasio zabalak egin daitezke. Egingarriak dira, eta ez diru gehiegirekin.

Etxebizitzak prezio garestian daude erosteko, eta alokairuak prezio ere antzera. Neurririk proposatzen al duzue?
Laguntzak egon dira alokairurako. EH Bilduk proposatzen zuen baldintzetan alokairuaren prezioaren muga igotzea, Zumaian etxebizitzarik ez dagoelako 600 euroan. Gazte jendearen eman- tzipaziorako zeuden laguntza horiek, baina gure ideia laguntza hori zabaltzea da, alokairurako etxebizitzen mugimendua egon dadin. Bestetik, bultzada handia emango liokete alokairuko mer- katuari Puntanoetako 100 etxebizitza horiek. Egia da aurreko agintaldian EH Bilduren eta EAJren aldetik hori bultzatzea adostu zela. Lau urte igaro dira, gauzak dauden bezala daude, eta ustekabean, megaproiektu fantastiko bat. Bere momentuan ezarri genituen neurri guztiak eta kendu dituztenak ere kontuan izango ditugu.

Gero eta zaharragoa da Zumaiako biztanleria.
Jendea autonomoa den bitartean, ahalik eta denbora gehiena norbera bere etxean egotea izango litzateke aproposena. Etxebizitza zahar asko dago Zumaian, eta udalak lagundu egin behar du: igogailuak behar dituzten etxeetan jartzen, egokitzapenak behar dituztenei laguntzen, eta igogailua sartzen ez den tokian aulkiak igotzeko beharrezko lanak egiten.

Bizitzeko baldintza duinei dagokienez, aldarrikatzen dugu pentsiodunek 1.080 euroko gutxieneko soldata eduki behar dutela. Eskumena Espainiako Gobernuarena da, baina eskumen subsidiarioa eskatzen diogu Eusko Jaurlaritzari.

Turismo Plana onartu zen. Gaiak eztabaida sortzen du herrian. Zer proposatzen duzue?
Turismo Plana lantzeko prozesuan buru-belarri inplikatu ginen. Azterketa ondo joan zela uste dut, eta atera zen plana gure gustukoa da. Onartu zenetik sei edo zortzi hilabete igaro dira, eta oraindik ez da pauso bat bera ere eman.

Eskualdeko langabezi datuak Gipuzkoako onentsuenak dira. Hala ere, badago jendea langabezian. Ze neurri hartuko dituzue?

Azken agintaldian, edo azken urteetan, inguruko enpresa handi batzuk itxi dituzte. Zumaiako 400 bat lanpostu desegin dira urte gutxian. Batzuk berrezarri dira, eta beste batzuk ez; baina berrezarri diren horiek guztiak ez dira lehengo baldintzetan lanean ari. Xey inguruan baditugu lurrak, baina hutsik dago. Ateak jotzen hasi behar dugu, jendearekin hitz egiten, enpresa sustapenak egiten dituzten eragileekin kontaktuan jartzen hasi behar dugu Zumaiara enpresak erakartzeko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide