Maiatzaren 17tik 25era Europako Geoparkeen Astea ospatuko du Euskal Kostaldeko Unescoren Munduko Geoparkeak Zumaian, Deban eta Mutrikun, bederatzigarren urtez jarraian. Ekimen hau Europan egun dauden 73 geoparkeetan egingo da aldi berean, tokian tokiko ondare geologiko eta natural aberatsa ezagutzera eman eta herritarrengan balio hauen kontserbazioaren ingu- ruan kontzientzia pizteko helburuekin.
Lur azpiko mundu ezkutua izenburupean, Euskal Kostaldeko Geoparkeak adin guztietako herritarrei zuzendutako egitarau zabala antolatu du, zientzia, kultura eta natura ondarea ardatz hartuta: espeleologia irteera, hitzaldiak eta tailerrak, dokumental emanaldia, mendi ibilaldiak, ate irekiak Algorri eta Nautilus interpretazio zentroetan, Espeleologoa Naiz marrazki lehiaketako sari banaketa eta mugikorrarekin argazkiak egiten ikasteko tailerra, besteak beste. Jarduerak doakoak izango dira.
Espeleologia irteera Debako Ermittia Bekoa kobazulora egingo dute larunbat honetan, Felix Ugarte espeleologia taldearekin batera. 09:00etan abiatuko da taldea Debako Arakistain plazatik eta hiru orduko iraupena izango du irteerak. Ezinbestekoa da aurrez izena ematea, 943-19 24 52 telefono zenbakira deituta.
Hilaren 19rako, berriz, mendi irteera antolatu dute Mutrikun. Geoparkeko Biraren lehen etapa egingo dute, Saturraranen hasi eta Olatz auzoraino. 09:00etan izango da irteera, Mutrikuko Mi- joa industrialdetik. Aurrez izena eman behar da 943-60 33 78 telefonora deituta.
Maiatzaren 21ean, asteartean, Deban, tailer "berritzaile" bat egingo dute. Parte hartzaileek paisaiaren bilakaera ulertzeko ikerkuntza-teknikak ezagutuko dituzte, EHUko eta Aranzadi Zientzia Elkarteko ikerlari talde batek gidatuta. 18:00etatik 20:00etara izango da, Debako Alamedako kioskoan.
GeoTalks egitasmoaren 3. edizioa antolatu du Geoparkeak maiatzaren 22rako, 19:00etan, Zumaiako Aita Mari aretoan, Zumaia eta dinosauroen desagerpenaren gakoa. Historiaren atzean dagoen istorioa izenburu hartuta. El día que murió el mesozoico film laburra emango dute eta, segidan, zientzialariekin solasaldia izango da.
Maiatzaren 23an, berriz, Xabier Peñalver Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologoak hitzaldia emango du, Debako Praileaitz I haitzuloan egin dituzten azken aurkikuntzen berri emateko. De- bako Kultur Elkartean izango da saioa, 19:00etan.
Maiatzaren 24an, Espeleologoa naiz marrazki lehiaketako sariak banatuko dituzte Zumaiako Oxford aretoan, 18:00etan.
Azkenik, maiatzaren 25ean, mugikorrarekin paisaia, landare, egunsenti eta abarri argazkiak ateratzeko teknikak eraku- tsiko dituzte Soraya Lopezek eta Sonia Alvarezek. Egun osoko tailerra izango da, 09:00etatik 13:30era eta 16:00etatik 19:00etara, Zumaian Alondegian. Ikastaroan interesa dutenek aurrez izena eman beharko dute ingurumena@geoparkea.com helbidera idatzita.