Hirugarren eguna du gaur Cabreiroa Pro Zarautz surf txapelketak. Eskualdeko hamaika surflarik hartu dute parte, eta haietako lauk egin dute aurrera, oraingoz. Aritz Aranburu zarauztarraren lorpena izan da azpimarragarriena, jokatutako bi mangak irabazi baititu, puntuazio txukunarekin (14.23 eta 13.94). Herri bereko Ruben Vitoria ere bostgarren errondan izango da, bigarrena izan baita bere mangan.
Atzoko jardunaldian Maxime Huscenot frantziarrak eman zuen erakustaldi nabarmenena, 17,07ko puntuazioa eskuratuta. Behin laugarren erronda jokatuta, bostgarren errondako lau mangen ostean erabakiko dira final laurdenetako surflariak, gizonezkoen kategorian.
Emakumezkoen kasuan, Nadia Erostarbe zarauztarrakk bere manga irabazi zuen 11.67ko puntuazioarekin, eta hirugarren erronda jokatzeko txartela lortu zuen hala. Eguneko ezustekoa Janire Gonzalez zumaiarrak eman zuen, izan ere, surflari gazteak bere manga irabazi zuen, aurreko urteko txapelduna den Pauline Adok baino puntuazio hobea lortuz.