"Adineko pertsonen egoera ona da oro har"

Izaskun Urbieta Esnal 2019ko maiatzaren 10a

IKEI enpresak asteazkenean aurkeztu zituen Zumaiako adineko pertsonen gizarte beharren inguruko ikerketaren emaitzak. Zailtasunei arreta jartzeko premia zegoela nabarmendu dute

Donostiako IKEI aholkularitza enpresa iazko azaroan hasi zen Zumaiako adineko pertsonen gizarte beharren inguruko ikerketa garatzen. Udaleko plan estrategikoaren barnean kokatzen den lanketa bat izan da, eta urtarrila arte 75 urtetik gorako 422 pertsona elkarrizketatu dituzte. "Gizarte zerbitzuetara inoiz joanez diren edo azken bi urteetan egon ez diren pertsonak hartu ditugu lagintzat", kontatu dute azterketaren arduradunek.

Zumaiako Udalaren eta aholkularitza enpresaren elkarlanaren helburua 75 urtetik gorako kolektibo horren ezaugarriak ezagutzea izan da. "Horretaz gain, pertsona horiei Zumaiako Gizarte Zerbitzuak eskaintzen dituen prestazioen eta zerbitzuen berri informatzea".

Azterketa lau fasetan egin dute, eta partaidetzarekin oso pozik agertu dira. "Etorkizuneko eskaintza egokitzeko eta hobetzeko beharrezkoa da jendeak parte hartzea eta, alde horretatik, erantzuna ona izan da".

Datu positiboak
Ikerketaren oinarria 422 pertsonei egindako galdeketa izan da, eta, bertan, hainbat aldagai jorratu dituzte: soziodemografikoa, osasuna eta eguneroko jardunetako mugak, ongizate emozionala, etxebizitzaren egoera, ekonomia...

"Osasunari dagokionez, emaitza positiboa izan da, izan ere, galdetutakoen % 68k erantzun dute egoera ona edo oso ona dela. % 36 hiru hilero joaten da osasun zentrora, % 9,2ak zailtasunak ditu joateko, eta % 14a ez da joaten. Beraz, etorkizunerako, etxeko arretan egokitzapenak egin beharko dira", azpimarratu dute ikertzaileek.

Ongizate emozionalari buruz, berriz, datuek alerta egoera aurkezten ez duten arren, esanguratsuak direla esan dute. "% 6 maíz bakarrik sentitu da, % 9 triste eta % 13k segurtasun falta sumatu dute". Harreman afektiboetan, berriz, hurbileko familia gertu dutela nabarmendu dute. Ildo beretik, sozializazioraren inguruan, emaitza gazi-gozoak atera dira. Galdetuen % 90 egunero
ateratzen da kalera, baina kirolean, prestakuntza ikastaroetan eta abar partaidetza murritza da.

Ondorioak
Udaleko Gizarte Zerbitzuak ematen dituen eskaintzen artean eguneko zentroa, tele-laguntza eta etxez etxeko laguntza dira galdetuen artean ezagunenak. "Hala ere, oraindik ezagutza eza nahiko handia da, beraz, ondorioetako bat da horretan jarri behar dela arreta. Informazioa zabaldu egin behar da, jende gehiagorengana iritsiz». Etxebizitzak egokitzeko ekimenak sustatzea da plazaratu duten beste ondorioetako bat, baita kirola egiteko eta hezkuntza programak antolatzea ere. «Zumaiako egoera ona da oro har,  baina arreta jarri behar da".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide