Hiru film emango ditu Ostarrenak urteko azken hiruhilekoan

Juan Luis Romatet 2019ko maiatzaren 9a

Azkeneko Canneseko jaialdian saritu zuten 'Un asunto de familia' emango du zineklub taldeak gaurko saioan. Zineforuma 22:00etan hasiko da.

2018ko Canneseko zinema jaialdiko sari nagusia irabazi zuen, eta Japoniak Oscar sarietara aurkeztu zuen Un asunto de familia pelikula emango du Ostarrena zineklubak, gaur, zineforum saioan. Emanaldia 22:00etan hasiko da Aita Mari aretoan.

Hirokazu Koreeda zuzendari japoniarraren azken lana da hori. Familia harremanak izan dira zinemagile honen pelikuletako ardatzak beti, eta gaur Aita Marin ikusiko dena bere maisulana dela esan daiteke.

Oraingoan, ohi baino lehorrago aritu da, sentiberatasunari tarte gutxi utzita. Familia arrunt baten istorioa da, ez dute baliabide handirik, baina aurrera egiteko moldatzen dira. Baina sekretu bat ezkutatzen dute itxurazko bizimodu normal horren atzean: aspaldian hildako gurasoen erretreta saria jasotzen segitu dute, legez kanpo.

Lan honekin Canneseko jaialdiak ematen duen sari gorena jaso zuen iaz, Urrezko palmondoa, hain zuzen ere. Oscar sarietarako hautatu zuen Japoniak, eta azken finalisten artean izan zen. Alfonso Cuaronen Romak kendu zion saria. Donostiako Zinemaldian ere erakutsi zuten.

Ez hori bakarrik: bere zuzendariari, Koreedari, Donostia Saria eman zioten iazko jaialdian.

Beste bi pelikula

Ekainaren hasierara bitartean beste bi pelikula emango ditu Ostarrenak. Maiatzaren 23an, Nadine Labaki zuzendari libaniarraren Capharnaüm filma ikusteko aukera izango da. Lan honek Epaimahaiaren Saria jaso zuen iazko Canneseko zinema jaialdian. 12 urteko haur batek epailearen aurrean hitz egingo du. Epaileak galdetzen dio ea zergatik salatu dituen bere gurasoak. Haurrak erantzungo dio: "Bizia eman zidatelako".

Ekainaren 6an, Entre dos aguas filma emango du Ostarrenak. Isaki Lacuesta kataluniarraren azken lan honek iazko Donostiako Zinemaldiko Urrezko maskorra jaso zuen. Lacuestak 2006an aurkeztu zuen La leyenda del tiempo pelikularen jarraipena da hau. Isra eta Cheito anaiak dira, eta oso bide ezberdinak jarraitu dituzte bizitzan. Isra kartzelatik ateratzen denean, Cheito itsas armadan eginiko misio luze batetik itzuliko da. Biak San Fernando uhartean elkartuko dira, jaioterrian. Aitaren heriotza gogoratuko dute han.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide