Gipuzkoako trainerilla ligako lehen jardunaldia jokatuko da bihar Pasai Donibanen. Batelen denboraldia amaituta, trainerillak uretaratzeko ordua iritsi da eta eskualdetik hamabost ontzi joango dira biharkoan: gizonezko jubeniletan Zarautzek eta Zumaiak ontzi bana eramango dute; emakumezkoetan Oriok eta Zumaiak bina eta Getariak bakarra; gizonezko seniorretan, berriz, Oriok eta Zumaiak bina, Zarautzek hiru (horietako bat mixtoa) eta Getariak bakarra.
Erlojuaren aurkako estropada izango da. Donibaneko plaza parean hasiko da estropada eta Lezo aldera egingo dute arraun ontziek lehenengo ziabogara iritsi arte (Zamakona ontziola). Ondoren, itsaso alderantz abiatuko dira bigarren ziabogaren bila (Alabortza parera). Handik irteera puntura itzuliko dira estropadarekin amaitzera.
Gipuzkoako trainerilla ligak bost jardunaldi izango ditu:
- Jardunaldia: Pasai Donibanen (maiatzak 1)
- Jardunaldia: Baionan (maiatzak 4)
- Jardunaldia: Getaria (maiatzak 5)
- Jardunaldia: Donostian (maiatzak 11)
- Jardunaldia: Zarautzen (maiatzak 12)
Gipuzkoako txapelketa maiatzaren 18an eta 19an jokatuko da Hondarribian. Euskadikoa, aldiz, maiatzaren 25ean eta 26an izango da Ondarroan.