Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa aurkeztu zuten atzo, asteartea, Donostiako Araeta sagardotegian. Eskupilotan, Aia, Azkoitia, Azpeitia eta Zestoa lehiatuko dira; gomazko paletan, Aia, Azkoitia eta Azpeitia; eta zesta puntan, Zumaia.
Eskupilotan, Zestoa izango da lehiara batuko den eskualdeko taldea; final hamaseirenetan, Aretxabaletaren aurka neurtuko dituzte indarrak, maiatzaren 5ean eta 12an. Aia, Azkoitia eta Azpeitia, berriz, final zortzirenetan batuko dira txapelketara, maiatzaren 19ko eta 26ko asteburuetan. Azkoitiak Amasa-Villabonaren edo Andoainen aurka jokatuko du lehen kanporaketa, Azpeitiak Donostiaren aurka eta Aiak Ataunen aurka. Finala ekainaren 29an izango da, Donostiako Atano III.a pilotalekuan. Nabarmentzekoa da Azpeitiak irabazi dituela azken lau urteotako txapelak.
Final zortzirenetan batuko dira palistak lehiara; maiatzaren 12an eta 19an jokatuko dituzte lehen jardunaldiak. Azpeitiak Anoetaren aurka jokatuko du lehen kanporaketa, Azkoitiak Mutrikuren aurka eta Aiak Hernaniren aurka. Finala, berriz, ekainaren 23an izango da.
Zesta-puntan, Zumaia izango da eskualdeko talde bakarra. Maiatzaren 12an jokatuko du Zumaiako taldeak lehen kanporaketa, Mutrikuren aurka.