Asteburu honetan jokatu dute Euskadi mailako batel txapelketa Legution (Araba). Atzo, larunbata, hasi ziren estropadak, eta gaur goizean izan dira finalak. Orioko, Zumaiako eta Getariako arraunlariek parte hartu dute lehiaketan, eta eskualdeko bost talde sartu dira gaurko finaletan: Zumaiako infantil neskak, Orioko kadete neskak, Orioko jubenil neskak, Zumaiako infantil mutilak, eta Orioko eta Zumaiako kadete mutilak.
Hala, guztira bost domina ekarri dituzte Urola Kostara; urrezko bat, zilarrezko hiru eta brontzezko bat. Hain zuzen, kadete mutilen mailan, Zumaiako ontzia izan da irabazlea, eta urrezko domina poltsikoratu du. Zumaiako infantil neskek bigarren egin dute, eta kadete nesken mailan oriotarrek eskuratu dute bigarren postua. Infantil mutilen mailan, aldiz, Zumaiarrek lortu dute zilarrezko domina. Jubenil nesken mailari dagokionez, hirugarren postua irabazi dute oriotarrek.
Euskadiko zortzikoen txapelketa ere izan dute gaur senior mutilek, Legution, batel txapelketako finalen aurretik. Hondarribia Arraun Elkartea gailendu da, eta Orio Arraunketa Elkartekoek zilarrezko domina lortu dute. Raspas taldekoak izan dira hirugarrenak.