Irailaren 16an hasiko da presoen babes taldetako kideen aurkako epaiketa

Urola Kostako Hitza 2019ko apirilaren 11

"ETAren espetxe frontea" osatzea leporatuta, 47 lagun epaituko dituzte Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta tartean dira Urola Kostako hiru herritar: Eneko Ibarguren azpeitiarra, Nagore Garcia zumaiarra eta Ainhoa Baglietto zarauztarra. Fiskalak zortzi eta 21 urte bitarteko espetxealdiak eskatu ditu auzipetu guztientzat.

Herriraren aurkako polizia operazioaren ondotik, Azpeitian egin zuten manifestazioko irudia. (N.U./Hitza)

Euskal presoen babes taldeen aurkako makroepaiketaren hasiera epea jarri dute dagoeneko: irailaren 16a. "ETAren espetxe frontea" osatzea leporatuta, 47 lagun epaituko dituzte Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta tartean dira Urola Kostako hiru herritar: Eneko Ibarguren azpeitiarra, Nagore Garcia zumaiarra eta Ainhoa Baglietto zarauztarra. Fiskalak zortzi eta 21 urte bitarteko espetxealdiak eskatu ditu auzipetu guztientzat, gainera hainbat urtez zaintzapean egotea eta isun ekonomikoa ere galdegin du horientzat. Hain zuzen ere, fiskalak Fiskalak 13 urte eta sei hilabeteko espetxe zigorra eskatzen du Ibargurenentzat, baita Garciarentzat ere. Bagliettorentzat, berriz, 11 urteko kartzela zigorra eskatu du.

Ibarguren eta Garcia Herriraren aurkako polizia operazioan atxilotu zituzten, 2013ko irailaren 30ean. Epaileak urriaren 3an utzi zituzten biak aske; Garciak 20.000 euroko bermea ordaindu behar izan zuen aske ateratzeko. Atxilotu zituztenean herritarren babesa zabala jaso zuten biek ala biek. Ondoren, 2015eko urtarrilaren 14an, deitu zituzten Ibarguren eta Garcia deklaratzera, Guardia Zibilaren Intxaurrondoko kuartelera, eta gainerako kide guztien gisan, uko egin zioten deklaratzeari "egindako galderak ez zeudelako akusazioarekin lotuta".

Ainhoa Baglietto abokatua, berriz, 2015eko urtarrilaren 12an atxilotu zuten beste 15 lagunekin batera, Mate deitu zuten operazioaren baitan. ETA babestea eta dirua zuritzea leporatuta atxilotu zituzten guztiak. Espetxeetako frontea osatzea, presoak adoktrinatzea eta 2012. eta 2013. urteen artean Ogasunean 1,3 milioi ez aitortzea ere egotzi zieten. Egun haietan hainbat protesta egin zituzten Zarautzen, atxiloketak salatzeko. Baglietto atxilotu eta bi egunera, urtarrilaren 14an, utzi zuten aske, bermerik gabe.

2013ko irailean Herriraren kontra eginiko polizia operazioan du jatorria 11/2013 sumarioak. 2014ko urtarrilean, bitartekari taldeko zortzi lagunen aurkako sarekada etorri zen, eta hurrengo urtean, abokatuen eta beste lau lagunen aurkakoa. 2015eko martxoan, berriz, Jaiki Hadiko eta Etxerat-eko kideak atxilotu zituzten. Eloy Velasco epaileak egin zuen instrukzioa, eta Auzitegi Nazionaleko fiskalak bat egin zuen haren tesiarekin. Horren arabera, "ETAren espetxe frontea" osatzen dute auzipetuek. "Erakunde terroristako kide" izatea leporatzen die ia denei. Auzipetze autoan, baina, epaileak berak aitortu zuen aztertutako dokumentuetan ez dutela aurkitu ETAren eta ustezko Koordinazio Gunearen artean lotura zuzenik eta harreman organikorik zegoela esateko moduko "inongo daturik". Hala ere, Velascok ziurtatu du auzipetu guztiek bazekitela "Koordinazio Taldekoek [EPPKren bitartekariek] ETArekiko menpekotasun harreman bat zutela", eta talde horiek legez kanpoko Amnistiaren Aldeko Batzordeen eta Askatasunaren hutsunea betetzen zutela.

Epaiketa, sei urtera

Ibarguren, Garcia eta Herrirako beste hainbat kide atxilotu eta sei urte pasatxora jarri dute epaiketarako data. Auzipetuek ohar bidez azaldu dutenez, urte guztiotan "presente" izan dute epaiketa "edozein unetan" iritsiko zela. Gainera, horiek gogorarazi dute hamabostean behin epaitegira joan behar izaten dutela sinatzera, eta adierazi dute Espainiatik ateratzeko debekua izan dutela. "Egoera horrek gure bizitzak baldintzatu ditu, gureak eta gure ingurune hurbilarenak, maite ditugun eta gaituzten horienak". Auzipetuek adierazi dutenez, "espetxearen mamua" dute parez pare: "Gure hurbilekoek gure ausentziaren, sakabanaketaren eta finean maite duten pertsona bat preso izatearen mamua dute parez pare. Egoera gogorra da beraz, ez dugu ukatuko".

11/2013 sumarioan sartu dituzten herritarrek azaldu dutenez, euskal presoen eskubideen aldeko lana egin dute: "Euskal preso politikoen eskubideen aldeko mobilizazioak antolatzea, presoen osasuna zaintzea, presoak epaitegietan defendatzea, bitartekari lanak egitea, presoen senideak izatea eta sakabanaketari aurre egiteko antolatzea izan da gure lana, eta hori da epaitzera doazena. Kausa justu baten alde antolatu gara, elkartasuna antolatu dugu, giza eskubideak aldarrikatu ditugu, eta presoak eta iheslariak herrian egon daitezen lan egin dugu".

Auzibidea "estatuaren estolderietan sortutako astakeria juridiko eta soziala" dela salatu dute auzipetuek. Izan ere, horien arabera, beren lana "erabat publikoa" izan da, eta helburu argiak zituen: "Euskal presoen eskubideak errespetatuak izatea, Euskal Herraian justiziazko bake egoera bat behingoz finkatzeko". Epaituek auziaren "bidegabekeria" salatuko dutela esan dute, eta adierazi dute bide hori herritarrekin batera egin nahi dutela. "Etorkizun berri batean sinesten dugu; justizian, inolako indarkeriarik gabe eta bakean bizi den Euskal Herri bat nahi dugu. Egia, enpatia eta zubigintzaren bidez, gure eskuak eta gogoak prest daude bide hori egiteko".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide