Ainara Garcia hernaniarrak umetatik maite izan ditu natura eta argazkilaritza. Aitaren argazki kamera analogiko batekin hasi zen argazkiak ateratzen, eta argazkigintzako ikasketak ere egin zituen gero. Ondoren, Geologia ikasketak egin zituen eta 2009tik Zumaiako Algorri Interpretazio Zentroan dabil lanean, ingurumen hezitzaile gisa. "Beti izan dut natura gustuko. Argazkilaritza ikasi nuenetik, hori izan da gehien landu dudan gaia. Arkitektura eta bestelako gai batzuk ere landu ditut, baina natura da atentzioa deitzen didan gai nagusia", kontatu du Garciak.
Zumaiako natura
Erakusketan 60 argazki daude eta 2012tik gaur egun artekoak dira. Guztiak, bat izan ezik, Euskal Herrian aterata daude eta horietatik gehienak Zumaian. "Zumaiako naturarekin maiteminduta nago, eta batez ere Santiago hondartza eta bere ingurunearekin. Geologoa izanik, agian, jendeak pentsatuko du harriei ateratako argazki asko egongo direla erakusketan, baina ez da horrela", adierazi du.
Paisaia orokorreko argazkiak daude erakusketan, baina naturako elementu txikiek dute protagonismo nagusiena. "Gauza xumeak ikusiko dira. Azkenean, atentzioa deitu didaten elementuei ateratzen dizkiet argazkiak: hostoak, ur tantak…".
Urtaroen arabera antolatu du erakusketa Garciak. Hasieran, neguko argazkiak jarriko ditu ikusgai. "Argi hotza eta txuribeltzeko argazki asko daude erakusketaren zati horretan. Udaberria etorriko da gero, bere kolore biziekin. Udako argazkietan, berriz, kolore epelagoak ikusiko dira, eta udazkenean aterakoetan, berriro bizitasunera joko du erakusketak".
Argazkilaritza plazer bat dela nabarmendu du, eta, askotan, lanera joan aurretik aprobetxatzen du argazkiak ateratzeko. "Nire momentua da, eta disfrutatzen saiatzen naiz. Agian, gaur ez dut argazkirik aterako, baina bihar toki berera joango naiz eta asko aterako ditut. Atsegin dut horrela lan egitea".
Erakusketa bihar zabalduko du Oxford aretoan, 18:00etan, eta maiatzaren 1a arte egongo da ikusgai arratsaldeko ordutegian.