Gitarra doinuak nagusi dira Ezpalak taldearen lehendabiziko diskoan

Juan Luis Romatet 2019ko apirilaren 10a

Grises, Voltaia eta Passepartout taldeetako kideek osatu dute laukote berria. 1990eko rock alternatiboaren eragina duten bederatzi abestiz osatu dute kaleratu berri duten lana.

Zerk batzen dute Grises taldearen pop dantzagarria eta Voltaiaren stoner-punka? Batetik, Eñaut Gaztañagak: Zestoako Grises taldearen abeslari eta gitarra jotzaileak ekoiztu ditu Zumaiako hirukotearen azken bi diskoak. Eta, bestetik, 1990eko hamarkada hasierako rock alternatiboaren maitasunak. Horrek denak bat egin du Ezpalak taldearen lehen diskoan.

Talde desberdinetan aritzen diren lau lagunek osatzen dute Ezpalak. Eñaut Gaztañaga (Grises), Unai Eizagirre (Voltaia), Xabi Arrieta (Passepartout) eta Juanjo Berasain (Los Moths) dira laukoteko partaideak. Iaztik aritu dira lanean, isilpean, eta azken asteotan plazaratu dituzte lehendabiziko emaitzak: martxoaren 21ean aurkeztu zuten aurreneko abestia, Atarian (Amancay Gaztañagak egindako bideoklip batekin), eta aste gutxira, abaila batean, taldearen izen bera daraman diskoa etorri da.

"Eñautek [Gaztañaga] bazuen zerbait rockeroagoa egiteko gogoa. Aurreko urtean pare bat taldetan aritu zen ordezko gisa; gustua hartu zion, eta taldea osatzeko gogoa izan zuen", dio Unai Eizagirre Voltaia taldeko kidea eta Ezpalakeko baxu jotzaileak. Kontzertuen ostean izaten diren hizketaldietan izan zuen zumaiarrak gogo horren berri. "Iaz Grisesekin pare bat kontzertutan egon nintzen. Eñautek kantu batzuk gordeta zituela esan zidan, eta kontuan hartuta aurten Grisesek ez dituela hainbeste kontzertu emango, elkarrekin zerbait egitea proposatu zidan. Euskaraz zerbait egin nahi zuen, zerbait rockeroagoa, Dinosaur jr. taldearen estilokoa", du gogoan Eizagirrek. Bateria jotzailea inguratuta, Arrieta, lehen entsegu batzuk egin zituzten. "Hasieran hirurok bakarrik geunden. Eñautek pentsatu zuen abeslari bat beharko genuela. Tuterako lagun bat ezagutzen zuen, eta ondo abesten zuela esan zigun". Juanjo Berasain zen lagun hori. "Harekin probatu genuen, ondo joan zen, eta kantak grabatu genituen. Inork ez du esango euskara ez dakienik!", dio Eizagirrek.

Diskoa Gaztañagak Zestoan duen Gaztain Estudioan grabatu dute. "Kantak aurretik grabatuta zituen, baina berriro grabatu ditugu. Abestiak berregin ditugu, aldatu, melodiak landu, bateriaren afinazioa eta baxuaren soinu egokia landu. Buelta asko eman dizkiogu, baita nahasketei ere, hasieran ez geunden eta oso gustura".

Bederatzi abestiko diskoa

Emaitza dagoeneko kalean da. Martxoaren 21ean lehen aurrerapen bat etorri zen: Atarian izeneko abestia. Denbora gutxira Itsasoaren aurrean abestia eman zuten ezagutzera irratsaio batean, eta aste honetan bertan taldearen izena daraman lehen diskoa plazaratu dute. Bederatzi kantaz osatu dute CDa. "Disko laburra da, energetikoa, abesti zuzenez osatutakoa", dio baxu jotzaileak. Diskoak 1990eko rock alternatiboaren eragina duela dio Eizagirrek. "Eñaut Dinosaur jr. taldea entzuten aritu zen pasa den urtean. Berez, guk ere Voltaian estilo hori dugu gogoko, oso indartsua dena. Niri beti gustatu izan zaizkit Soundgarden edota Screaming Trees bezalako taldeak. Voltaiarekin estilo hori jorratzen dugu, eguneratuta bada ere".

Diskoaren azala Gatza Factoryk egin du, eta taldearen kontzertuetan jarriko dute saltzen. Zumaian Ertz Informatikan ere salgai dago. "Ari gara kontzertu batzuk lotzen. Berez, talde hasi-berria gara eta ez da hain erraza egiten".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide