Arraun asteburu ona izan da pasa berria den hau eskualdeko arraun elkarteentzat. Pasai San Pedron jokatu da Gipuzkoako batel txapelketa, eta Zumaiako, Orioko eta Zarauzko ontziek lau bandera eta sei domina eskuratu dituzte denen artean.
Larunbatean jokatutako sailkatze estropadetan emandako maila ona igandeko finaletan berretsi zuten eskualdeko klubek. Harrobiarekin bikain aritu dira lanean Orioko eta Zumaiako arraun elkarteak denboraldi osoan zehar, eta hala erakutsi dute txapelketan ere.
Jardunaldia hasi eta berehala lehen domina lortu zueen Zumaiak, zilarrezkoa, infantil neskatan. Infantiletan baita ere, baina mutiletan, bandera erdietsi zuten gorriek. Estropada horretan Orio laugarren izan zen.
Neska promesatan Orio izan zen irabazlea, eta finalean Getaria laugarren sailkatu zen. Federazioko sarian aritu zen Zumaia eta bigarren egin zuen.
Kimu mutiletan etorri zen Zumaiaren bigarren bandera. Zilarra lortu zuen Orioren aurretik sartu ziren gorriak. Maila honetan, baina Federazioko sarian, Zarautz hirugarren izan zen.
Jubenil neskatan Orio nagusi izan zen, eta horrela jaso zuten eguneko bigarren bandera. Jubenil mutiletan, berriz, Zumaia bigarren izan zen, Orio hirugarren eta Zarautz lehena Federazioko sarian. Senior mutiletan, berriz, Zarautzek zilarrezko domina eskuratu zuen, eta Oriok brontzezkoa.
Ziaboga onenaren sariak ere jaso dituzte eskualdeko patroiek: Zumaiako Maddi Goikoetxeak, Uritz Gorritik eta Noel Martinezek, infantil neskatan, eta kimu eta jubenil mutiletan, hurrenez hurren; senior mutiletan Aitzol Garro zarauztarrak jaso zuen saria.
Batel denboraldia amaitzeko, asteburu honetan Euskadiko txapelketa jokatuko da Legutioko urtegian. Larunbatean 16:00etan jokatuko dira sailkatze estropadak, eta igandean finalak 11:00etatik aurrera.