Duela bi urtetik bizi da Zumaian Roman Zabaleta (Legazpia, 2003). Umetatik dabilen bi kirolak uztartzen ditu gaur egun ere: txirrindularitza eta motorra. Viveros San Anton taldean dabil kadeteen mailan eta errepideko denboraldian dabil bete-betean. "Asko gustatzen zait txirrindularitza, baina maila ona izan behar da, eta horrek exigentzia handia eskatzen du", adierazi du Zabaletak.
Motorrean ere ibiltzen da, eta nahiz eta kirol bati besteari baino garrantzi gehiago ez eman, azpimarratu du motorra delabere pasioa. 6-7 urterekin ekarrizioten motor txiki bat. "Familiatik datorkit zaletasuna. Aita moto lasterketetan ibiltzen zen, eta osaba, berriz, autoenetan". Urteetan aurrera egin ahala, pixkanaka-pixkanaka, motor handiagoekin ibiltzen hasi zen, eta iaz, 15 urterekin, supermotard mailan hasi zen lehiatzen Espainiako txapelketan. "Supermotardeko motorrak dira 450 zentimetro kubikokoak, 100 kilokoak eta 65-70 zaldi dituztenak. Motokroseko txasisa izaten dute, marrazkirik gabeko gurpilak eta esekidurak prestatzen zaizkie". Maila honetan bi kategoria bereizten dituzte: asfaltoa eta lurra.
Zirkuiturik ez
Euskal Herrian motorraren inguruko kultura handia dagoela dio Zabaletak. Arazo nagusia, ordea, zirkuitu gutxi dagoela da. "Motokrosekoak badaude, vaina asfaltokoa Olaberrian bakarrik dago, eta nire mailarako ez da baliagarria". Bere iritziz, zirkuituak egiteko tokiak badaude, baina, momentuz, kanpora irten behar izaten dute. "Entrenatzeko dudan zirkuiturik egokiena eta gertukoena Aranda de Dueron [Burgos] dago. Nafarroako Los Arcosen ere badaude beste bi eta hara ere joaten naiz. Denboraldia hasi aurretik hilean bitan-edo, eta ondoren, behin".
Espainiako txapelketa Valentzian hasiko du asteburuan, eta orotara, laupabost jardunaldi edo lasterketa izango ditu. "Lasterketa dudan asteburuetan ostegun gauean joaten naiz, eta ostiralean entrenamendu libreak izaten ditut. Larunbat goizean entrenamendu libreek jarraitzen dute, eta arratsaldean kronometratuak izaten dira: hogei minutuko bi. Igandean, beroketa batzuk egiten ditugu aurrena, eta ondoren, lasterketa hasten da", kontatu du. Motorrean esfortzu handia egiten dela adierazi du Zabaletak: "Besoa, bularra eta bizkarra, esaterako, asko lantzen dira".
Hobetzeko helburua
Iaz egin zuen supermotard mailarako jauzia Zabaletak, eta saltoa handia izan zela nabarmendu du. "60-70 kilo pisatzen zuen motor batetik, 100 kiloko bat hartzera igaro nintzen. Baina,
batik batik, kolpeetan igarri nuen mailaz igo nintzela. Erortzean kolpeak handiagoak dira". Hasieran galdu samar ibili zela aitortu du, baina pentsatzen zuena baino hobeto ibili zen gero. "Ez neukan Espainiako txapelketa irabazteko mailarik, ezta gutxiago ere. Sergio Muñoz izan zen garailea; pentsa, 35 segundoko zirkuitu batean, vuelta bakoitzeko hiru segundoko abantaila ateratzen zidan".
Denboraldi honetarako asmoa, berriz, iazko denborak jaistea du. "Pilotu bezala hobetu nahi dut. Posizio ona egitea baino denbora jaistea lortu nahi dut, eta horretarako motor berria ere ekarri dugu", azaldu du Zabaletak.