Bittoriren azalean sartu zara ‘Patria’ telesailean. Nor da Bittori?
Bittori erbestera joan zen senarra hil zutenean; Miren [Ane Gabarain], berriz, ETAko kide baten ama da. Filmean ikusten da hogei urte pasatu direla gatazka horretatik, eta bere senarra nork hil zuen argitu nahiko du Bittorik. Jendearekin bakea bilatu nahi du.
Harreman ona dugu Felix Viscarretekin [zuzendaria], eta kontuan izaten du aktoreok pertsonaien inguruan esaten dioguna. Aldaketa batzuk ere egin ditu, gauza batzuk gogorrak egin zaizkigulako. Adibidez, oso pertsonaia zorrotzak ditugu Ane Gabarainek eta biok. Trama oso gogorra da, eta gizatasuna ematen saiatzen ari gara. Pertsonaiek ez dakite gatazka hori nola kudeatu, eta hori da azaldu nahi duguna, zama gehiagorik gabe.
Hamabost urteren ondoren, Telmo Esnalen eta Asier Altunaren zuzendaritzapean, berriz elkartu zen joan den abuztuan Etxebeste familia.
Zoragarria izan da. Abuztuan hasi ginen, eta irailean amaitu. Nire ustez, oso ondo dago pelikula hori. Lehenengoa hain polita izanik, hasiera batean ez nuen uste ondo irtengo zenik. Telmo Esnalek esan zidan gidoiarekin pozik zeudela. Nik ohean nengoela egin nuen lehen irakurraldia, eta algara batzuk bota nituen.
Ez da lehenengo zatiaren jarraipena, beste istorio bat delako. Askotan pentsatu dut lehenengo zatia ez zela barre eginarazten dizun horietakoa. Irribarre egin zenezakeen, agian, egoera xelebre hura ikusita, baina uste dut idealizatu egin dugula. Bigarren zati hau, ordea, graziosoagoa da. Guk ere barre asko egin dugu grabazioetan, baita gidoian negar egitea egokitzen zitzaigunean ere. Irailean estrenaesaterako, Joxe Ramon Soroiz da. Gurekin batera, Mikel Laskurain [Mirenen gizona], Iñigo Aranbarri [Bittoriren semea], Eneko Sagardoi, Jon Olivares eta Loreto Mauleon [Mirenen semealabak] ere aritu dira.
Telesailen urrezko aroan omen gaude. Eragina izan al du zure lanean?
Ez dut uste, nik ez daukadalako lan askorik. Hala ere, orokorrean telesailek lana eman dutela iruditzen zait. Espainiako Estatuan 33.000 aktoretik gora gara, eta hori asko da. Datuen arabera, langabezia % 92koa da. Telesailek jende asko mugitzen dute, bai aktoreak, baita teknikoak ere. Patria-n, esaterako, 60 edo izango dira guztira. Film luze bat bost edo sei astetan egiten da, baina telesailak asko luzatzen dira.
Antzerkian, berriz, El Florido Pensil-en ikusi zintugun azkeneko aldiz.
Gustura egin genuen, lagunartean. Hala ere, geroz eta gutxiago aritzen naiz. Biran aritzea, adibidez, oso gogorra da. Funtzio bat Gijonen atera daiteke, hurrengoa Marbellan. Askotan, furgonetan joan izan gara, kilometro asko egin, eta funtzioa amaitu ondoren itzuli. Gauza askotarako egon behar duzu prest.
Ama begira zazu-rekin ere hala ibiltzen ginen: furgoneta kargatu, bidaiak egin, deskargatu… gutxienekoa zen ordu eta erdiko funtzioa. Gaztea zarenean, baina, ilusio gehiago izan dezakezu. Gainera, lanak banaka hartzea gustatzen zait. Funtzio bat gustukoa izango banu egingo nuke, baina ez daukat hainbeste ilusio.
Eta Patria-ko grabaketak amaitu ondoren, zer?
Zortzi kapitulu ditu Patria-k, eta abuztuan amaituko ditugu grabaketak. Ez dut pentsatzen gero zer egingo dudan, inoiz ez delako zuk pentsatutako hori betetzen.
Hala ere, zorte handia izan dugu nik eta nire belaunaldiko aktoreek. Euskal Telebistan hasi ginenean ez ginen asko, baina guztiok jarraitu dugu. Ane Gabarain eta Joxe Ramon Soroizekin batera egin nuen, esaterako, Bi eta bat telesaila, eta honetan ere elkarrekin gabiltza, hogeita hamar urte geroago.