Zumaiako EH Bilduk aurkeztu du maiatzaren 26ko udal hauteskundeetarako hautagaien zerrenda. Hogei lagunek osatzen dute koalizioaren hautagaitza. Jendaurreko aurkezpena apirilaren 4an, ostegunez, egingo dute Alondegian. EH Bilduren esanetan, hautagai taldea osatzen dutenek, "egunerokoan, kirol taldeetan, mugimendu feministan, musikan, sindikalgintzan, euskararen alde, kultur taldeetan, hezkuntzan, dantza taldean, gazte mugimenduan, integrazioan, guraso elkartean eta herrigintzako beste hamaika saltsatan" dihardute. Ogibideak eta ikasketak aintzat hartuta, berriz, enpresariak, irakasleak, zerbitzariak, kazetariak, ingeniariak, fabrikako langileak, ekonomialariak, jubilatuak eta abar ere badira. Baina guztiaren gainetik "zumaiar konprometituak" dira, "Zumaia hobe baten alde lan egiteko prest dauden herritarrak", nabarmendu dute.
Gaztetasuna eta esperientzia uztartzen dituen zerrenda dela azpimarratu du EH Bilduk. "Udalgintzan eskarmentua eta esperientzia duena, baina, era berean, belaundaldi berriek dakarten freskotasuna barneratzen jakin duena. Gertuko jendea, herrikoia, herrigintzan aritzeagatik ezaguna eta udal kudeaketarako erabat prestatua".
Iñaki Ostolaza Esnal da alkategaia. Industria ingeniaria, Ostolaza Zumaia S.L enpresa zuzentzen du eta 2007-2011 agintaldian udal gobernuko zinegotzia izan zen. Azken agintaldian zinegotzi izan diren bi lagun aurkeztu ditu koalizioak, bigarren eta hirugarren postuetan. Arritxu Iribar Egaña doa bigarrena. Euskal filologoa da ikasketaz, eta Euskadi Irratian kirol kazetari ezaguna da, eta Zumaiako hainbat kirol taldetan parte hartzen eta laguntzen du. Zerrendako hirugarrena Alex Oliden da. Kimikan lizentziatua da eta berak sortutako pinturen produkzioko enpresa bat zuzendu du urte askoan. Eskubaloiko entrenatzailea ere izan da urte askotan. Maider Alberdi Yeregui da zerrendako laugarrena. Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zientzietan lizentziatua da bera. Bosgarrena Asier Arakistain da, GKN-Ayra Durex enpresako langilea eta idazlea. Marina Bidasoro Arozena da seigarrena, Jose Maria Azkue Castillo zazpigarrena, Maddi Aldalur Osa zortzigarrena, Arantxa Gajate Telleria bederatzigarrena, eta Aitor Manterola Garate hamargarrena.
Hautagaiak
01. Iñaki Ostolaza Esnal.
02. Arritxu Iribar Egaña.
03. Alex Oliden Antia.
04. Maider Alberdi Yeregui.
05. Asier Arakistain Alberdi.
06. Marina Bidasoro Arozena.
07. Jose Maria Azkue Castillo.
08. Maddi Aldalur Osa.
09. Arantxa Gajate Telleria.
10. Aitor Manterola Garate.
11. Leire Garate Olaizola.
12. Iker Zulaika Loiola.
13. Miren Osa Galdona.
14. Unai Aizpurua Telleria.
15. Alaitz Gorostiza Egaña.
16. Ane Osa Barrena.
17. Iñaki Agirrezabalaga Alkorta. -
Ordezkoak
18. Lorea Mendiola Egaña.
19. Juli Agirretxe Galarraga.
20. Joanito Dorronsoro Goikoetxea