Ondo gogoan du Inazio Gonzalezek (Arroabea, 1952) 1969ko martxoaren 27 hura. "Osteguna zen, arratsaldeko seirak ingurua. Eguraldi txarra egiten zuen, elurra zegoen Izarraitz mendian. Sekulako hotza egiten zuen". Huraxe izan zen Gonzalezek Joxe Migel Egaña auzokide eta laguna bizirik ikusi zuen azken aldia.
16 urte baino ez zituen orduan Gonzalezek. Lau lagun atera ziren egun hartan Arroatik, eta ohi bezala, Zumaiara joan ziren piraguan ibiltzera. Hala oroitzen da gertatuaz Gonzalez: "Ni Joxe Migelekin nindoan, K2 batean. Irauli egin zen gure piragua, eta ibai bazterrera hurbiltzen saiatu ginen biok. Piraguak flotatu egiten zuenez, esku batekin hari heldu eta bestearekin igeri egiten saiatu ginen. Dena den, Joxe Migel urduri jarri zen; piragua urez bete zen, eta nigandik hiru bat metrora gelditu zen. Ezin zuela gehiago esan zuen Joxe Migelek, eta desagertu egin zen ur azpian. Halako batean ur azalera aterako zela uste genuen, normalean, norbait itotzen denean hala gertatzen delako, baina desagertu egin zen".
Urola ibaian gertatu zen ezbeharra. "Egunean bertan, hainbat txalupa ibili zen gorpuaren bila inguruetan, eta hamabost bat egunean egon ginen ibai bazterrean zain, zerbait ikusiko ote genuen". Handik egun batzuetara azaldu zen Egañaren gorpua, Hondarribian (Gipuzkoa). 20 urte baino ez zituen Egañak orduan, eta gertatua "kolpe izugarria" izan zen Gonzalezentzat nahiz hildakoaren gertuko guztientzat.
Oroitzeko ekitaldiak
Arroako talde batek bazuen piraguan ibiltzeko ohitura sasoi hartan. "Ez dakit ideia nola sortu zen. Talde bat elkartu ginen, eta Zumaiako Itxas Gain piragua elkartekoekin harreman handia genuenez, haien laguntzarekin hasi ginen kirola praktikatzen. Arroatik Zumaiara joaten ginen entrenamenduak egitera", azaldu du Gonzalezek.
Gu Ere Bai izena zuen orduko Arroako kirol elkarteak, baina istripuaren ondorioz, desagertu egin zen taldea. "Jota gelditu ginen denok". Zumaiako Itxas Gain taldeak bizirik jarraitzen du oraindik, eta haiek urtero oroitzen dute Egaña.
Istripu hura gertatu zela 50 urte bete ziren asteazkenean, eta egun horretan egin zuten Zumaian urtero egin ohi duten omenaldia. Itxas Gainek bultzatuta, lore eskaintza egin zuten Egañaren omenez ibai ertzean dagoen monolitoan. Arroabean, oroitu izan dute Egaña bestelako ekitaldietan, baina inoiz ez dute hura oroitzeko propio ekitaldirik antolatu. Dena den, aurten lehenengoz egingo diote Egañari omenaldia haren jaioterrian.
Gonzalez da Arroabeko ekitaldia sustatu duenetako bat. "Alde batetik, pena ematen zidan Joxe Migel gogoratu gabe uzteak, eta bestalde, barruan gauzak mugitzen dituzte halako omenaldiek. Urtero gogoratzen gara berataz, baina egia esan, Arroan inoiz ez dugu ezer egin Joxe Migel oroitzeko. Zerbait egitea nahi genuen, eta Arroabeko Auzo Elkartea animatu da ekitaldia antolatzera".
Igandean, Egañaren omenezko meza izango da Arroabeko elizan, 13:00etan hasita, eta ondoren, lore eskaintza egingo dute Joxe Migel plazan, Egañaren omenez 1974an jarri zuten monolitoan.