Surf eskolentzat eremuak zehaztu dituzte Zumaiako hondartzetan

Baleike 2019ko martxoaren 28a

Lau eremu gordeko dira: hiru Itzurunen eta bat Santiagon. Interesdunek maiatzaren 31ra arte dute proposamen txostena aurkezteko epea Zumaiako Kirol Patronatuko erregistro orokorrean.

Uda sasoian hondartzetan uretako kirol jarduerak arautzeko irizpideen berri eman du Zumaiako Udalak. Guztira, lau eremu gordeko dira, hiru Itzurunen eta bat Santiagon. Interesdunek maiatzaren 31ra arte dute proposamen txostena aurkezteko epea.

Itzurunen hiru eremu zehaztu ditu udalak surf eskolentzat: San Telmo aldea 1, San Telmo aldea 2 eta Itzuruntxiki aldea. Hondartzako sorosleek mugatuko dituzte surf eremuak banderekin, eta itsasoaren egoeraren arabera, lekuz alda ditzakete. Saio bakoitzean parte har dezaketen ikasleen kopurua ere mugatu du Udalak: 08:00etatik 10:00etara, gehienez hamar; 10:00etatik aurrerako saioetan, gehienez sei.

Ikasleak kolore bereko likrarekin identifikatuko dira. Bestalde, egunean bi ordu gordeko dira (09:00etatik 11:00etara) udalak Gipuzkoako Foru Aldundiaren Uda Kanpainaren barnean anto- latzen dituen hastapeneko surf eta bodyboard ikastaroentzako.

Santiagon eremu bakarra izango da uretako kirol jarduerentzat: ibai aldea. Han ere sorosleek jarriko dituzte banderak, eta eremua aldatzeko eskumena izango dute itsasoaren egoeraren arabera. Ikasle kopuruari dagokionez, hamar onartuko dira gehienez saio bakoitzeko.

Interesa duten surf eskolek maiatzaren 31ra arte dute txostena aurkezteko epea, Zumaiako Kirol Patronatuko erregistro orokorrean (Basadi auzategia, 16).

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide